GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Zinemaldiko Made in Spain saila 19 filmek osatuko dute, batzuk argitaratu gabeak

GARA | DONOSTIA

Goya sarietako irabazle nagusiak, zinema-aretoetan arrakasta izandako filmek, nazioarteko zinema jaialdietan parte hartu duten lanek, gutxiengoentzako proposamenek eta aurten garrantzi berezia duen ez fikziozko zinemak agerian jarriko dute estatu espainolean egiten den zinemaren aniztasuna eta bizitasuna, Made in Spain sailaren bidez. Estatuan argitaratu gabeko lanak barne, Donostiako Zinemaldiaren aukeraketaren barruan hemeretzi film izango dira guztira.

Aukeraketaren barruan zuzendari ezagunen lan berriak izango dira, besteak beste, Julio Medem («Habitación en Roma»), Dunia Ayaso eta Felix Sabroso («La isla interior»), Miguel Albadalejo («Nacidas para sufrir»), Jaume Balaguero eta Paco Plaza («[REC] 2»), eta Daniel Monzon («Celda 211»). Era berean, beren lehenengo film luzea aurten estreinatu duten zuzendariak Zinemaldian izango dira, hala nola, Emilio Aragon («Pájaros de papel»), Lluis Galter («Caracremada»), Anna Sanmarti («La terra habitada», Jordi Ferrer eta Pablo Vidal («El problema - testimonio del pueblo saharaui»), Lilian Rosado Gonzalez («Donde el olor del mar no llega»), Felix Fernandez de Castro («María y yo») eta Oskar Santos («El mal ajeno»).

Sailak kontuan izan du, halaber, ez fikziozko generoak gaur egungo zineman duen garrantzia eta hildo horri jarraiki, lan ezberdinak aurkeztuko dira: «María y yo», «La terra habitada», «Esquivar y pegar», «El problema - testimonio del pueblo saharaui» eta «Cerca de tus ojos».

Hala, estatu espainoleko zinemak Zinemaldian duen presentzia, Sail Ofizialean bertan, bai Zabaltegin, osatzen du Made in Spain sailak. Urrezko Maskorra eskuratzeko leihatuko diren filmak dira, besteak beste, Jose Maria de Orbe zuzendari euskaldunaren «Aita», Judith Colell eta Jordi Cadena katalanen «Elisa K.», Oscar Aibar zuzendariaren «El Gran Vázquez» eta Agusti Villarongaren «Pa negre». Bestalde, Elena Traperen «Blog» eta Mikel Ruedaren «Izarren Argia» Zabaltegi - Zuzendari Berriak sailean lehiatuko dira, eta Jose Luis Guerinzen «Guest» eta Isaki Lacuestaren «La noche que no acaba» filmak Zabaltegi-Bereziak sailean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo