GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

ERREMONTEA CASINO KURSAAL TORNEOAREN FINALDERDIAK

Sailkatu bakarrik ez

San Miguelek garaipen on batekin ziurtatu du bere lehen finalerako txartela.

SAN MIGUEL 30

UTERGA 24

Asier AIESTARAN

Santi Utergaren aurka 24 tanto egitearekin nahikoa zuen arren, Julen San Miguel ez zen bere lehen final handia jokatzeko txartelarekin bakarrik konformatu. Doneztebeko atzelariak beste garaipen bat pilatu zuen aurtengo Casino Kursaal Torneoan eta txapela lortzeko hautagaitza indartzen jarraitu zuen.

Aurreko neurketetan egin bezala, San Miguelek bigarren erdian erabaki zuen finalerdietako B Multzoko azken partida. Izan ere, Utergak bikain eutsi zion lehiari 17nako berdinketara arte, baina bigarren zatian nekea nabaritzen hasi zen eta agur esan zien finala jokatzeko zituen aukera apurrei.

Beste behin, sakea izan zen buruz burukoa erabaki zuen jokaldia. Markagailuak 17nako berdinketa erakusten zuenean, San Miguelek lau tanto segidan egin zituen hasierako jokaldiarekin -guztira hamabi egin zituen modu horretan-, eta piloteoan lortutako beste hiru tanto ere gehituta, 24-17raino alde egin zuen denbora gutxian.

San Miguelek 24. tantoa egin zuenean Galarretako zaleek txalotuz zoriondu zuten pilotari nafarraren lorpena, baina berak ez zuen atsedenik hartu eta bizi-bizi segitu zuen norgehiagoka bereganatu arte. Markagailuan zegoen aldeak bere horretan iraun zuen amaierara arte eta azkenean 30-24koa izan zen emaitza.

Hasiera polita

Partidaren lehen erdia polita suertatu zen. Aurreneko tantoa, esaterako, neurketa guztiko onena izan zen: San Miguelek bikain atera zuen pilota hormara arrimatuz, baina Utergak xistera alderantziz sartu eta jendea zur eta lur utzi zuen dejada batekin lortu zuen 0-1 aurreratzea. Hurrengo tantoetan ere aurrelaria oso fin aritu zen atzelariaren sakeak erantzuten eta tanto bakarreko aldeekin mugitu zen markagailua. Ikuskizunaren zoritxarrerako, bigarren erdian nekea nabaritu zuen Utergak.

Lehen finalista erabakita, irailaren 4an Julen San Miguelen aurkaria izango den pilotaria zein den bihar arratsaldean jakingo dugu. Miguel Mari Urrutia, azken bi urteetako txapeldun irten den atzelaria, eta Koteto Ezkurra, bederatzi aldiz lehiaketa irabazitako aurrelaria, nor baino nor arituko dira Galarretan. Urrutiak aise menderatu zuen Matxin IV.a ligaxkako lehen partidan (30-12) eta bera izango da berriz ere faborito azkenaldian arazo fisiko askorekin ibili den Koteto Ezkurra beteranoaren aurka.

SAN MIGUEL

30

UTERGA

24

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo