GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

VUELTA Hirugarren etapa

Ipar haizea, giroa berotzeko

Azken kilometroan egindako erakustaldiak garaipena eta lidergoa eman zizkion Philippe Gilberti.

p035_f01_222x222.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

Ustekaberik ez, baina paradoxa bai. Merkurioa 40 gradutik jaitsi ezinik eta «ipar haizea» etorri behar lasterketako tenperatura areago igotzeko. Haizea edo, hobe esanda, haizetea, Philippe Gilbertek azken kilometroan hartutako abiadura Malagako aerosorgailu guztiak lehertzeko modukoa izan baitzen.

Pareta polita jarri zuen antolakuntzak Marbella eta Malaga artean lehiatutako etapari amaiera emateko, eta Waloniako gizasemea etxean ariko balitz bezala sentitu zen. Lasterketa erabat apurtuz, sekulako erakustaldia eskaini zuen Gilbertek, horrelakoetan moldatzeko gaitasun faltarik ez duten aurkariei, Nibali, Anton edota Purito Rodriguezi, matrikula hartzeko aukera ere eskaini barik.

Ez zen indar kontua bakarrik izan, Lottokoak soberan badauka ere. Buruak -helmuga aurreko mendatean arazoak izan zituen eta, itsutu barik, bere erritmoan igo zuen, jaitsieran tropela harrapatzeko-, taldeak -lagun pare bat bere zain geratu ziren burura gerturatzeko- eta profesionaltasunak -goizeko hamarretan helmugara hurbildu eta azken igoeraren zirrikitu guztiak aztertu zituen- ondo zaindu beharreko kontuak dira, norbaitek Gilberten pareko jarduna egin nahi badu. Merezitako saria jaso zuen, garaipenaz gain, bere bizitzan lehen aldiz itzuli handi bateko lidergoa ere harrapatu baitzuen.

Klasikozaleei aukera ederra eskaintzeaz gain, oilarren indarrak neurtzeko azterketa ere jarri zuen lasterketak. Denek gainditu ez zutena. Horien artean, zoritxarrez, Beñat Intxausti, ia hogei minutu galdu baitzituen. Andy Schleckek ere susmoak baieztatu eta uztaileko sasoi mailatik urrun dagoela erakutsi zuen, hamalau minutu galduz.

Aldeak askoz txikiagoak izan ziren -eta, dudarik ez, amaieraren ezaugarriekin lotuta- Frank Schlek, Carlos Sastre, Denis Menchov edota Luis Leon Sanchezen kasuan. Are murritzagoak, hasieratik beren anbizio eta indarra nabarmendu nahi izan dituzten beste bi txirrindulariren kasuan: hamahiru segundo besterik ez zituen galdu Igor Antonek -Madrilera gorriz heltzea nahi dutenen arteko azkarrena- eta hamabost, berriz, lasterketa gogortzen saiatu ondoren aldapa luzeegia suertatu zitzaion Vincenzo Nibalik. Purito Rodriguez ahaztu gabe, oraindik bere mugak erabat aurkitu gabe jarraitzen duena; txirrindulari kataluniarra izan zen Gilberten erritmora gerturatu zen gizon bakarra.

Antzeko protagonistak izan ditzake gaur Malaga eta Valdepeñas de Jaen (183,8 kilometro) arteko laugarren etapak. Gorabeherek atea zabalduko die abenturazaleei -atzo Egoi Martinez sartu zen eguneko ihesaldian- eta helmugak, berriz, liderren «espeziekoei»: goranzkoak dira berriro ere azken bi kilometroak, edonor leher dezakeen %15eko «oparitxoa» dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo