GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Pedro Iturriarte Eliztarra

Iruñeko Artzapezpikutza eta Udalen Plataforma

Zilegi al da eliztarren diruarekin eta lanarekin jasotako eraikuntzak haiek kontuan izan gabe saltzea? Badu jokaera horrek legezkotasunik? Horregatik diogu baimenik gabe egin direla, parrokia baita egiazko jabea

Tenpluak, ermitak, etxeak eta lurrak Artzapezpikutzak jabetza erregistroan sartu dituela-eta, hainbat salakuntza argitara eman du Udalen Plataforma deitutakoak. Herritar eta eliztar garen batzuek zenbait gogoeta egin dugu gai honi buruz, eta gure ikuspegia eskaini nahi dugu.

Lehenik eta behin, Artzapezpikutzaren jarreraz hitz egin nahi dugu. Jaun eta jabe balitz bezala jokatzen ari da parrokietako ondasunekin. Ez diogu hori Jabetza Erregistroan bere kabuz sartu dituelako soilik. Gainera, formula desegokia erabiliz, «Elizbarrutiaren» izenean, ondotik «X parrokiarako» gehitzen badu ere. Badakigu apaiz multzo batek adierazi ziela hori Artzapezpikutzako arduradunei. Baina, dirudienez, bost axola die, ez dituzte aintzat hartu. Ez hori bakarrik, Artzapezpikutzak hainbat etxe eta lur saldu ere saldu du, eta saltzen ari da, eliztarren baimenik gabe, eliztarrei berririk eman gabe. Batzuetan apaiza jartzen dute jakinaren gainean, bere sinadura erabiliz. Besteetan, hori ere ez.

Egoki da eliztarren hainbat gauzatan erabili den eta erabiltzen ahal den etxea, beraiei ezer esan gabe saltzea? Areago, zilegi al da eliztarren diruarekin eta lanarekin jasotako eraikuntzak haiek kontuan hartu gabe saltzea? Badu jokaera horrek legezkotasunik? Horregatik diogu baimenik gabe egin direla, parrokia baita egiazko jabea. Horretan, artzapezpikuak eta ingurukoak bezainbertzeko erantzukizuna dute, beharbada, apaizek. Izan ere, herritarrok ezjakintasunean bizi gara gehienetan gai hauei dagokienez, eta erantzule izaten ahal garela ez zaigu bururatzen, nahiz eta hainbatek erabakiok okertzat jo. Gure ustez, apaizek badute informazio gehiago, eta beraiek jakinarazi behar diote jendeari hau guztia.

Beste alde batetik, Udalen Plataforma, ustez nafar ondarea zaintzeaz arduratzen ari den talde bat da. Eta, neurri batean, errealitate honetaz ohartzen lagun diezaguke. Hainbat artikulu argitaratu du, zenbait gauzaren berri eman, liburu batean bildu ere bai. Baina egin dutena eta egiten ari direna egokiago eginen balute! Tenpluak, ermitak eta erretore etxeak udalenak zirela erratea! Eta gaur egun ere udalenak direla! Ez dira, bada, herritar kristauen aportazioarekin eraikitakoak? Parrokiako kontu liburuetan ikusten ahal dira mendeetan zehar bildutako sosak eta gastatutakoak. Udalak bere diru sarrera bereziak eta kontu liburu bereziak izan ditu lehen, eta gaur egun. Eta haietan nola ez dira ba sartuak tenplua eraikitzearen gastuak?

Badira parrokiari mailegu edo diru aurreratzeak eman dieten udalak, tenplua handitzeko edo moldatzeko. Udalarena baldin bazen, nola aurreratzen ahal zion dirua bere buruari? Parrokiak ere egin izan du gauza bera udalarekin, honek itzultzeko baldintzarekin. Eta azkeneko 50-60 urteetan, zaharberritze eta moldatze aunitz egin diren urteak, egun bizi diren jendeek ikusi dutena, zertarako egin ditu parrokiak eskeak eta eskeak, zertarako mezetako diru biltzeak? Udalenak baldin baziren, eurek ordaindu izanen zuten dena. Eta gaur egun ez ziren mantenduko mantentzen diren parrokiaren kontu liburuak, eguneroko gastu arruntak erakusteko ez bada.

Beste argudio bat gogoratuko dugu. Tarteka udalak diru laguntzak emateak tenplu, etxe edo bertze zerbaitetarako, jabetza aldatzen al du? Herrietan Gobernuaren diru laguntzaz obrak egiten direnean, Gobernuaren eskuetara pasatzen al da udalaren jabetza? Etxeak zaharberritzeko diru laguntzak hartzen baditu jendeak, jabetza galtzen dute? Herritarrek osotutako kultur elkarteak zenbait toki edo gauza eskuratzen baditu, udalarenak direla pentsatzen hasi behar dugu, partaideak herritarrak direlako aitzakiarekin? Eta parrokiako jendea herritarrak direlako, honen gauzak udalarenak direla esan daiteke? Parrokiek, kultur elkarteek bezala, badute euren nortasun juridiko-historikoa, udalak ukatu ezin diena. Gu behintzat harrituta gaude Plataformaren argudio batzuk irakurrita. Eta taldean badira historialariak, legelariak, eta bertze hainbat jakitatez hornitutakoak. Baina, itxuraz, ezjakinak ere bai, bertzelako arrazoiren batek bultzatzen ez baditu.

Parrokiaz esandako hau guk ezagutzen duguna da. Eta egiaztatu nahi duenarentzat badira paperak. Ez dugu esan nahi Nafarroako eliza, ermita edo baratze guztien historia eta egoera berbera denik, noski, gureen antzeko gehiago badirela pentsatzen badugu ere. Horregatik ez dugu esaten Plataformak idatzi duenetan egiarik batere ez dela, segur egia ere badela. Historia eta egoerak desberdinak dira, tokian tokikoak. Hartara, ager dezagun dakiguna. Baina, ez dakigunaz, ez al dagokigu isiltzea? Elkarrenganako errespetuz eta seriotasunez arituz gero, segur aski gehiago argituko genituzke gauzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo