Eszenak
Lurreko izar txikiak
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Abuztuaren 31 kalea, danbor doinuetan busti zen hilaren azken egunean. Eta gaueko bederatziak eta erdi inguru zirenean, iluntasun beltzean murgildu zen karrika, kandela txikiek, lurreko izarrak balira bezala, kalea argiztatu zuten arte. 1813. urtean Alde Zaharra suntsitu zuen sutean kale hau izan baitzen zutik geratu zen bakarra eta Fenix hegaztiaren moduan, bere errautsetatik berpiztu zuten bertako biztanleek. Eta urtero bezalaxe, egun hura oroitarazi zuten, Biarritzeko errugbi taldea omentzearekin batera. Eta abuztuko azken eguna kontsumitu zenean, iraila berpiztu zitzaigun. Eta irailarekin batera, lanera itzuli behar izan dutenek, honako hau kantatu dute: Iraila, haginetako mina, aspirina hartuta, bagoaz ohera. Ez goaz lanera, ez goaz lanera...
Baina irailean, desio eta helburu berrien berpiztea ere etorri da eta antzerkia, udako lozorro ilunetik esnatu zaigu. Izan ere, hilaren 9an hasiko baita Fira Tàrrega-ren 30. edizioa. Aurtengo edizio honetan Irlanda izango da gonbidatu berezia eta bertako lanak ikusteaz gain, leku askotariko ikuskizunak izango ditugu, baita Euskal Herrikoak ere. En la Lona taldearen «Exodo», Trapu Zaharraren «Camping Renove» eta Gaitzerdi Teatroaren «Udamina» antzezlanak hain zuzen ere. Baina gertuxeago ere izango dugu antzerkiaren lurreko izar txikiez gozatzerik, hilaren 10etik 12ra bitartean Txotxongilo Eguna izango baitugu Sestaon. Zortzigarren edizio honetan, hamahiru bat ikuskizun ikustea izango dugu eta ez hori bakarrik, baita txotxongiloak egiteko aukera ere. Eta txotxongiloak manipulatzetik, gorputza manipulatzera jauzi egingo dut, hilaren 16tik 26ra bitartera Dantza Hirian festibalaren bosgarren edizioa ospatuko baita Donostia, Errenteria, Irun, Hendaia, Ziburu, Azkaine, Baiona eta Donibane Lohizunen. Bertan Euskal Herritik, Frantziatik, Espainiatik, Ingalaterratik, Kubatik eta Pragatik etorritako lanak ikusteko aukera izango dugu. Izaskun Lapaza-ren «Tirauki Traukian» lanaren estreinaldia izango dugu eta honako talde hauen lanak ikustea izango ditugu, besteak beste: Kukai taldearen «Soka», Organik taldearen «Maniac@s» eta Eneko Balerdiren «Dantza Banaka».
Eta zeruko izar txikiek, haur jaioberriek bezala, magalean itxaropena dakarten moduan, irailean izango dugu lanera ez joateko aitzakiarik, izan ere, badirudi, Porrontxo festak ospatu egingo direla azkenean. Eta orduan, lanera itzuli beharko dutenek izango dute zer kantatu: Porrontxoak, lantegiak itxiak, lana egin nahi baina ezin joan lanera. Ez goaz lanera, ez goaz lanera...