GARA > Idatzia > Mundua

Lurrikarak kaltetutako Christchurch hiriaren kontrola hartu du Armadak

Ostiralean Zeelanda Berria astindu zuen lurrikara bortitzaren -7 gradu, Richter eskalan- ondorioz gerta daitezkeen jende pilaketak eta istripuak ekidite aldera, Armadak Christchurcheko -estatuko bigarren hiri handiena- segurtasunaren ardura hartu du bere gain.

GARA

Zeelanda Berriko Armadak herrialdeko bigarren hiri handienaren, Christchurch-en, segurtasuna bere gain hartu zuen atzo. Richter eskalaren arabera, 7 graduko astinaldiaren ondoren, hiru egun daramatza aipatu hiriak larrialdi egoeran.

John Key lehen ministroak adierazi zuenaren arabera, Canterbury eskualdeko etxebizitzen erdia, 100.000 inguru, kaltetu zituen lurrikarak. Hala ere, triskantzarik handiena Christchurchen izan zela argitu zuen, 380.000 biztanle inguru dituen hirian.

Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, hamarka soldaduk hiriaren erdigunea hesitu dute, eta jarri dituzten segurtasun kontrolak igarota baino ez dago sartzerik. Neurriok jende pilaketak eta astinaldiak kaltetutako eraikinen balizko erortzeak sortutako istripuak ekiditea dute xede.

Herrialdearen hegoaldean larrialdi egoera gutxienez bihar arte luzatuko duela iragarri zuen atzo Gobernuak, eta Christchurcheko etxeratze-agindua 19.00ak eta 7.00ak bitartean luzatuko duela gaineratu, hiritarren segurtasuna bermatzeko asmoz.

Erreplikak

Ostiraleko lurrikararen ondotik, ia etengabe sentitu dira indar desberdineko erreplikak, ehun bat guztira. Atzo bertan, 20 baino gehiago izan ziren, bortitzena 4,8 gradukoa eta, ondorioz, kaltetutako eraikinen horma zati ugari erori ziren.

«Ikus ditzakegun kalteak agerikoak dira, baina lur azpiko azpiegituren egoera aztertzeko denbora beharko dugu», azaldu zuen atzo Keyk. Haren esanetan, asteak igaroko dira triskantzaren larritasunaren inguruko balantzea osatu arte.

Lurrikararen ondorioz, lagun bat zendu zen, bihotzekoak jota, eta hamarka zauritu ziren, horietatik bi larri, astinaldiagatik eroritako horma edo teilatuek kolpatuta.

500dik gora eraikin komertzialek izan dituzte kalteak, eta etxebizitzen %20 inguru bizitzeko desegoki jo dituzte. Gainera, Christchurcheko auzo batzuek ur eta argindar hornidurarik gabe jarraitzen dute. Salbamendu taldeek azaldu zutenez, ur eta argindar sareen zati batzuk konpontzea lortu dute, baina ehunka herritarrek harrera zentroetan jarraitzen dute oraindik, euren etxea galdu dutelako.

KALTE-ORDAINAK

Asegururik ez duten bizilagunen kasuak banan-banan aztertuko dituela agindu zuen atzo John Key lehen ministro zeelandaberritarrak, dagokien kalte-ordaina jaso dezaten.

eraisteak

Hondeamakinak atzo hasi ziren Christchurcheko eraikin kaltetuenak eraisten. Agintariek lanera ez joateko eskatu diete bizilagunei eta eskola gehienak itxita daude.

LURRIKARAK

Ostiralekoa, Zeelanda Berrian izandako hamar lurrikara bortitzenetako bat izan da. Herrialdea bi plaka tektonikoren artean dago eta, urtean, 14.000 lurrikara inguru izaten dira, horietatik 20 bost gradutik gorakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo