GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR I Radio Shack taldeko txirrindularia

Euskaldunak, Kanadan

Iazko Vueltatik, gure pasadizoak jarraitzen dituzuenok, horrenbeste gai ezberdin jorratu eta gero, Ametsi eta niri buruzko gauza dezente dakizkizue. Gai eta gauza askori buruz nola pentsatzen dugun eta gure gustuak zeintzuk diren aditzera eman ditugu gure idatzietan.

Egun, haurrak jaio zirenetik, oso telebista gutxi ikusten dudala onartu behar dudan arren, oso gustukoak ditudan telebistako programei buruz mintzatuko natzaizue. Aisialdiko bidaia oso gutxi egiten ditudanez, neure etxeko sofatik, bidaiei buruzko programak ikustean, neu ere herrialde horretan egongo banintz bezala gozatzen dut.

Oraingoan, neu naiz, etxetik kanpo dabilena, eta gustu baduzue, Kanadari eta bertan jokatuko diren lasterketari buruzko kontu batzuk azalduko dizkizuet. Paristik irten ginen antolakuntzak hartutako hegazkin batean eta sei ordu eta erdi geroago lur hartu genuen Quebec-en. Bertan, lau autobus zeuden zain, eta etxean utzi genituen graduen erdiarekin eta euritan iritsi ginen hotelera. Beno, hotelera edo gaztelura, ze jesukristoren gaztelu batean gaude talde eta antolakuntzako kideak. Antolakuntza ikaragarria da, beste edozein lasterketa antolatzea baino askoz ere zailagoa delako Europatik kanpora lasterketak antolatzea. Autoak eta furgonetak beraiek jartzen dituzte. Baita mekanikarientzako box-ak. Irteera gunean karpa pila bat eta taberna modukoak daude eta edaten ditugun ur botilen etiketak ere, antolakuntzaren logotipo eta izenarekin eginak dituzte!!

Etxeko ordua baino 6 ordu aurrerago gaudenez Kanadan, burua apur bat nahastuta izan arren, goizean goiz, pozik joan gara denok entrenatzera. Euria erruz botatzen duen arren, inor gutxi dago «mekauenka», bizikletan egingo dugun entrenamenduak turismo pixka bat egiteko balioko digu-eta. Lehenik zirkuitua ikustera joaten gara. Nire ustez, hau izan daiteke txirrindularitzaren etorkizuna; hau da, hiriko alde ederrenetan, parke eta berde guneetatik barrena doan bidea, tabernak nonahi eta txirrindulariak sarritan ikusteaz gain, parranda txiki batean egun on bat pasatzeko gertu dagoen «zirkua».

Zirkuitutik irten eta herrietan zehar murgiltzen gara. Quebec hiria oso polita izateaz gain, inguruan dauden txokoak ere ederrak dira. Zenbat euri egiten duen ikusita, ez naiz harritzen horren berdea izatea! Etxeak AEBetakoen modukoak dira gehienbat, eta autoak, berriz, filmetan ikusi ohi ditugun Jeep handi horiek.

Eguna horren iluna eta euri-jasa horren handia izanda, askoz ere gehiago ikusi gabe bueltatu gara hotelera. Hotelera heldutakoan, bertako bizimoduari buruz galdetu diogu bertako langile bati. Quebec-en frantsesa da oraindik ere hizkuntza nagusia. Ingelesa ere erabiltzen dute, baina ez Kanadako beste herrietan adina. Bertako txanpona dolar amerikarra dela kontatu digu, eta bizimodua Euskal Herrian baino dezente merkeagoa dela esan digu. Behin bere azalpenak entzunda, herrialde honi buruz zerbait gehiago dakigun sentsazioarekin goaz bazkaltzera. Lo kuluxka bat egin eta gero, masajea hartu, eta gure bizikleta egileak, Trekek, antolatutako bizikleta aurkezpen batera irten behar dugu berehala.

Ondo baderitzozue, eta eguraldiak laguntzen badu, ea gauza gehiago ikusi eta hemengo lekuei buruzko argibide gehiago bidaltzerik dudan. Bitartean, gomendio bat, has zaitezkete zeuen itsulapikoetan txanpon batzuk sartzen, zeren nik ahal dudan ondoen kontatu nahi dizuedan arren, honek norbere begiekin ikustea merezi du.

Etzi arte, ondo izan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo