GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gorka Arbulu Lopez de Lacalle Egoitz Garmendiaren AEK-ko Gasteizko lankideen izenean

Elkartasuna

Berriro ere, arrazoi politikoak direlamedio, ordu txikitan egindako operazio poliziala pairatu du Euskal Herriak. Oraingo honetan Guardia Zibilak gure lankide Egoitz Garmendia atxilotu du eta Arana kaleko euskaltegia miatu.

Lehenengo eta behin, gertakari horien aurrean Gasteizko AEK-ko lankideok berari eta bere senitartekoei elkartasuna adierazi nahi diegu. Horrekin batera, Egoitzen eta gainerako atxilotu guztien egoeragatik gure kezka adierazi nahi dugu, ez familiak, ezta lankideok ere, ez dugulako haren egoeraren gaineko berririk izan, atxilotu zutenetik inkomunikatuta egon baita.

Era berean, Guardia Zibilari eta Espainiako Auzitegi Nazionalari Egoitzen eta gainerako atxilotuen eskubideak errespeta ditzatela eskatzen diegu.

Gutun honen bidez nabarmendu nahi dugu beste edozeren gainetik Egoitzek gurekin euskararen alde egindako lan guztia eta horretan jarraitu ahal izatea espero dugula.

Bestalde, atxiloketaren aitzakiapean Guardia Zibila Arana kaleko gure euskaltegian sartu zen miaketa egitera. Euskaltegian miaketa egin izana zentzugabekeria galanta izateaz gain, miaketaren aitzakiapean hainbat ordenagailu eta agiri eraman zituen Guardia Zibilak, gure eguneroko lana oztopatuz eta baldintzatuz. Beste behin ere, AEKren eta euskararen irudia kaltetu dute, zeharkako arrazoiengatik bada ere.

Honengatik guztiagatik, Egoitzen Gasteizko AEK-ko lankideok egunotan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu eta inoiz baino gehiago euskararen aldeko lanean jarraitzera animatzen ditugu gasteiztar guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo