GARA > Idatzia > Kultura

Hiribarren, «Eskaldunac» olerki bildumaren egilea, omendu du Euskaltzaindiak Azkainen

p051_f01_148x88.jpg

Ainize BUTRON | AZKAINE

1810an sortu zen Azkainen Jean-Martin Hiribarren eta Baionan zendu zen 1866ean. Aurten bere sortzearen bigarren mendeurrena dela-eta, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak haren omenezko jardunaldiak egin zituen atzo Azkainen.

Hiribarren, izan ere, Urruña eta Bardozeko erretore izan zen, baita Baionako katedraleko kalonje ere. Bere obrarik ezagunena «Eskaldunac» olerki bilduma da, 1853ko abenduan Baionan argitaratu zena. «Montebideoco berriac» (1853) eta «Escaraz eguia» (1858), ere idatzi zituen; lehena kantu bilduma da eta bigarrena, berriz, erlijioen historia bat.

Obra aipatu aurretik, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak hartu zuen hitza, Hiribarren «euskal letretan eragin handia izan zuten belaunaldikoa» izan zela gogoratzeko.

Antoine d'Abbadie, Bonaparte, Xaho eta Otsalde aipatu zituen besteak beste. Horiek, Hiribarren bezala, 1810 eta 1815 urte artean sortutakoak ziren. Horrekin, «Eskaldunac» liburuaren idazlea «bere mendekoa» zela nabarmendu nahi izan zuen.

Historia sartu literaturan

«XIX. mendea erromantizismoarena izan zen. Ingalaterra eta Alemanian hasi eta gero, Frantzian hedatu zen», adierazi zuen Haritschelharrek.

Berrogeita hamar urte iraun zuen erromantizismoak, eta, orduko literaturan historiaren beharra agertzen zela argitu zuen euskaltzainburu ohiak. «Hiribarrenek historia sartu du gure literaturan. Gure literaturaren historian ari direnek erraten dute euskaldunak besteen ondotik ibili garela. Ez da egia, eta Hiribarren horren adibidea da. Bere mendeko laguntzailea izan da euskal literaturaren onetan», erran zuen, beti ere, bere mendeko mugimenduekin bat egiten zuela goraipatu nahian.

Haritschelharrekin batera, Xipri Arbelbide eta Xabier Altzibar euskaltzain urgazleek eta Ana Toledo euskaltzainak Hiribarrenen obra eta garaiko giroa izan zituzten hizpide.

Arbelbidek Monho, Duvoisin eta Hiribarren apezen garaiko Bardozeko giroa ekarri zuen gogora, eta, horren ondotik, Ana Toledok Hiribarrenen obra nagusia dena «Eskaldunac» olerki bildumaren azterketa egin zuen.

«Liburuaren arbasoak» atala zuen zehazkiago goraipatu, eta horretan Hiribarrenek euskaldunen arbasoez ematen zuen ikuspegiaz jardun zuen. «`Ilunpean bizi, eta argiaren mendeari ireki behar zaio bidea', dio bere `Eskaldunac' lanean Hiribarrenek. Testu zientifikoa da, zientziaren jarduera sartu nahi du bere liburuan», argitu zuen Toledok.

«Argiaren mendeari idekitzeko» garaiko egoera tamalgarriak gainditu behar zirela nabarmentzen du, hain zuzen ere, Hiribarrenek bere liburuan. Egoera horietan euskaraz ez irakurtzea, ez eta ikastea ere, euskaldunen balentriak ezezagunak izatea, eta, ospea galdu izana aipatzen ditu. «Horren arrazoia euskaldunak populurik zaharrena izatea dela dio. 4.000 urteko antzinatasuna ematen dio, frantsesek 1.500 urte besterik ez dituztelarik», azaldu zuen Toledok.

«Euskaraz eguia» eta atsotitz bilduma aztertu zituen, azkenik Altzibarrek. Euskal literaturan oso gutxitan aipatua izan den liburu hori «euskaldunentzat egina» zela gogoratu zuen.

«Hiribarrenek kezka nagusi bat zeukala agertzen da: Euskal Herrian sinesmena galtzen ari zela», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo