GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebizitza «eskubidea» dela gogoratuko dute Donibane Lohizunen herri olinpiadekin

Ipar Euskal Herrian turismoak eragindako ondorio larriak ez dira gauza berria. Besteren artean, etxebizitzaren prezioan islatzen dira. Gizartea eta hautetsiak arazoaz jabetzeko, tokiko ekimenak abian jartzen ari dira, esaterako, larunbatean Donibane Lohizunen izango dena.
p014_f02.jpg

GARA |

«Lurra zertarako eta norentzako?» galdera sakona goiburuan jarrita, etxebizitzaren arazoaz hausnarketa eta eztabaida berriro mahai gainean jarriko dute lurraren espekulazioaren aurka borrokatzen diren kolektiboek. Oraingoan, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa era berezian ukitzen duen arazoa era ludikoan salatuko dute Donibane Lohizunen, datorren urriaren 9an, herri olinpiaden bitartez.

Antolatzaileek XIX. mendetik gaurdaino etxebizitzak izan duen bilakaerari buruzko gogoeta egin dute, batez ere, turismoak arlo guztietan, izan kulturan, sozialki, lan-prekarietatean eta, jakina, lurraren eta etxebizitzaren salneurrien emendatzean, duen eragina nabarmenduz.

«Etxebizitzaren krisia eta lurren erabilera okerra» gero eta gehiago aipatzen badira ere, «neurri zehatzak» hartu dituzten herriko etxeak oso gutxi direla adierazi dute. Turismoa ekonomia jarduera gisa onartu arren, «menperatzen» jakin behar dela uste dute kolektibo hauek. Horretarako, «tokiko hautetsien engaiamendua» beharrezkotzat jotzen dute, baina Ipar Euskal Herrian lurra kudeatzeko eskumenak izatea ere bai, «prestutasuna duten hautetsiek egun ez dauden tresna eraginkorrak izan ditzaten».

Egungo egoeraren larritasunaz jabetzeko, datu zehatzak eman dituzte: laborantza lurren desagerpena bigarren etxebizitzen edota golf-zelaien mesedetan, edota etxebizitzen prezioen neurrigabeko garestitzea.

Dinamika berpiztu

Modu askotarikoan lurraren eta etxebizitzaren aldeko ekimenak aspalditik ari dira garatzen han-hemenka. Berrikitan, `Euskal Herria ez da salgai' izan da oihartzun handiena izan duena. Alta, arazo horri buruz «sentsibilizazioa areagotzeko», azken garaiotan «tokian tokiko dinamikak berpizteko borondatea» hedatu dela gaineratu dute. «Etxebizitza eskubidea gauzatzeko» neurriak, izan, badirela zabaltzea dute xede.

Norabide horretan egingo dituzte larunbateko herri olinpiadak, arratsaldeko hiruretan, bertsolariekin, Luis XIV.a plazan hasiko direnak. Ondoren, hondartzara joko dute, lurra eta etxebizitza gaiaren inguruan antolatutako herri-kirolei ekiteko. Parte hartu nahi dutenek bost lagunez osatutako taldean aurkeztu beharko dute bertan.

Arratsaldeko seietan Akotzera ibilaldia egingo dute, eta gero hitzaldia, bertako gaztetxean. Larraineko biztanle bat, gaztetxeko kide bat eta herri olinpiaden antolatzaile bat mintzatuko dira. Eguna amaitzeko, afaria eta kontzertuak izango dira.

35.864

Kopuru hori ezaguna egin da azken hilabeteotan Ipar Euskal Herrian. Bigarren etxebizitzak eta oporretarako erabili eta urtean zehar hutsik geratzen diren etxebizitzak zenbat diren adierazten du.

%47 BIDARTEn

1968an, Lapurdiko kostaldean, bigarren etxebizitzen portzentajea %12,1 zen. 2006an %21era iritsi zen. Ziburu (%41), Donibane Lohizune (%43) eta Bidarte (%47) dira halako etxebizitza gehien dituztenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo