GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea |Euskal Herriko Harri Txikien finala

Aimar Irigoienek hasieratik bideratu du garaipena

Kubikoarekin Ostolatza baino gutxiago izan zen, baina gainerako hiru harriekin besteak baino hobeto moldatu zen, eta erraz lortu zuen irabaztea.

Jon LEUNDA

Ezusteak kirol munduan ez dira askotan izaten, eta herenegun arratsaldean Anizen jokatu zen Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketan ere ez zen izan, Aimar Irigoienek jantzi baitzuen txapela. Errezildarra zen faborito nagusia, eta azken urteotan jantzi dituen txapelen zerrendara gehituko du herenegungoa.

Hiru harri-jasotzaile lehiatu ziren, eta bakoitzak launa harri erabili zituen. Kirolari bakoitzak 125 kiloko errektangularra, 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izan zituzten.

Irigoien errektangularrarekin hasi zen gauzatzen bere garaipena. Harri horri 32 jasoaldi eman zizkion, eta bere aurkari nagusiak, Ostolatzak, berriz, 29. Izeta IV.ak 26 eman zizkion, eta hasieratik nahiko garbi geratu zen, beraz, oker handirik ezean, ze amaiera izango zuen norgehiagokak.

Bigarren lanean, zilindro kopa zuten bizkarrean berdindu beharrekoa, eta hor ere txapelduna izan zen jaun eta jabe. Berak 31 aldiz jaso zuen harria, eta Ostolatzak berriro ere 29an amaitu zituen lanak. Izeta IV.ak, berriz, 27 jasoaldi eman zizkion.

Komeriak

Irigoien kubikoarekin ibili zen okerren, eta, izan ere, ez zizkion berak eman jasoaldirik gehien. Joseba Ostolatza bikain aritu zen, eta harria 20 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean. Aimarrek, berriz, bi gutxiago eman zizkion, 18. Hala ere, pisurik handieneko bi harriekin alde nabarmena atera zion errezildarrak zestoarrari, eta txapelak Errezilgo bidean jarraitzen zuen.

Harri honekin sekulako lana egin zuen Izeta IV.ak. Zarauztarrak gustukoa du kubikoa, eta lan bikaina egin zuen, 18 jasoaldi eman baitzizkion, Irigoienek emandakoak adina.

Hiru harri horien lanak egin ostean, bola baino ez zen geratzen. Txapelketetan jasotako kiloak balio dute, eta gauzak erabat okertu ezean, edo Irigoieni zerbait gertatu ezean, nahikoa erabakita zegoen.

Kubikoarekin onena izan ez bazen ere, bolarekin garbi utzi nahi izan zuen hango erregea zein zen, eta 26 jasoaldi eman zizkion errezildarrak, txapela segurtatuz. Ostolatzak ere ez zuen lan txarra egin, baina oraingoan ezin izan zuen Aimar gainditu, eta 24 jasoaldirekin konformatu zen. Izeta IV.ak, berriz, 22 jasoaldi eman zizkion.

Aimar Irigoienek berriro ere txapela jantzi zuen, baina oraingoan ezin izan zuen iazko lan bikaina errepikatu. 107 jasoaldi eman ditu aurten, eta hori ez dago batere gaizki, ezta gutxiago ere. Izan ere, guztira, 12.500 kilo bizkarreratu ditu errezildarrak, baina iaz 115 jasoaldi eman zituen, eta 13.362,5 kilo bizkarreratu. Joseba Ostolatzak ere iaz baino kilo gutxiago jaso zituen, baita Izeta IV.ak ere. Hori bai, hirurak iaz lortutako sailkapena errepikatu zuten aurtengoan ere, nahiz eta iaz baino lau kirolari gutxiago aritu diren aurtengo lehian.

Urdaxek errekorrak ezartzen jarraitzen du

Urdax Magunazelaiak marka pertsonal berria ezarri zuen larunbat ilunabarrean Oñatiko plazan. Abuztuan bete ditu 13 urte, eta berriro ere denak txundituta utzi zituen bizkaitar gazte honek. 140 kiloko harri errektangularra erabili zuen, eta horretarako bost minutuko txanda bakar bat izan zuen.

Jasoaldi bat ematea nahikoa zuen helburua bete ahal izateko, baina behin hori lortuta ez zen konformatu, eta azkenean, hiru jasoaldi eman zizkion bost minutuan 140ko errektangularrari, marka bikaina ezarriz. Plaza betetzen zuten zaleek, txalo artean agurtu zuten Magunazelaia gaztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo