Ekimenez josita datorren San Fausto egunaz gozatuko dute durangarrek
Sanfaustoak Durangaldeko jai-egutegiko azkenak izaten dira, eta garrantzitsuenetarikoak ere bai. Usadioan erroturiko ekitaldi aipagarrienak dira sokamuturra eta jende ugari biltzen duen artopilen banaketa. Hala eta guztiz ere, eskaintza ez da horretara mugatzen, izan ere, era guztietako ekimen mordoa iragarrita dago gaurko eta astebururako. Txosnagunean, adibidez, zenbait lehiaketa antolatu dituzte, eta gaur, errekan jaitsiera egingo dute gazteek.
GARA |
Aurreko ostiraletik jai giro bete-betean dabiltza durangarrak. Gaur, berriro indarrak hartu beharko dituzte, San Fausto Durangoko patroiaren omenez egun handia daukate-eta aurrean. Sanfaustoak Durangaldeko jai egutegiko azkenak izaten dira, eta garrantzitsuenetarikoak ere bai. Usadioan erroturiko ekitaldi aipagarrienak «Zezenak dira» eta artopilen banaketa dira. Eskaintza ez da horretara mugatzen, inondik ere, ekimen mordoa dago-eta iragarrita.
Udaleko jai batzordeak, gaurko egunerako iradokizun berezia egin du. Jaietako egun guztietan, baina bereziki San Fausto egunean, Durangoko jantzi tradizionalak janztera animatu nahi ditu herritarrak, alkandora zuria eta gona edo praka urdinak jantz ditzaten, alegia.
Aldi berean, Udalak esker ona erakutsi dio jai batzordea osatzen duen lagun talde osoari. Prestatutako egitarauak denetarik bildu du: kontzertuak, «Zezenak dira» -aurten betiko lekuan egingo dira, Santa Anan-, kale-antzerkia, erromeriak, puzgarriak... «Azken batean, durangarrok merezi ditugun jaiak eskaini dizkigute», dio Aitziber Idigoras Durangoko alkateak Udaleko programaren agurrean. Badira hilabete batzuk jaiak prestatzen hasi zirela, horregatik honakoa dio alkateak: «Nire esker ona adierazi nahi diet batzordekide guztiei egin duten eskergaitzeko lanagatik durangarrok zein kanpotik etorriko direnak sanfaustoetan parte har dezagun».
San Fausto patroiaren omenezko egun honetan, eguerdiko hamabi eta erdietan, ohorezko aurreskua dantzatuko diete udal ordezkariei. Ondoren, urtero jende ugari biltzen duen artopilen banaketa egingo dute Udaletxeko plazan. Horren ostean, Kriskitin dantza taldeak berreskuratu duen Platilo soinua eta larraindantza dantzatuko dute.
Aurtengo nobedadeen artean, iragan larunbatean eta atzo bezalaxe, datorren larunbatean ere, gaueko bederatzietan, durangarren tradizioetako bat berreskuratuz, zezensuzkoak irtengo dira Ezkurditik.
«Zezenak dira» ekimena, berriz, Santa Ana plazara bueltatu da aurten, jadanik indusketa lanak amaitu baitituzte. Berriki izan den lege aldaketa medio, 16 urtetik gorakoek baino ezin dute sokamuturrean parte hartu, eta ez 14 urtetik gorakoek, orain arte izaten zen bezala.
Mañaria errekaren jaitsiera
Txosnagunean ere, girorik ez da faltako gaurko egunean. Eguerdian, paella lehiaketari ekingo diote, eta Durangoko hainbat gaztek hartuko dute parte bertan. Lehiaketaren ostean, bazkaria egingo dute Pinondon, 14.00etan.
Durangoko Txosna Batzordeak antolatuta, San Fausto eguneko berezitasunen artean, ezin ahaztu, orain urte batzuetatik hona lagunarte alaian egiten duten Mañaria errekaren jaitsiera. Gazteek, 17.30ean, Santa Anatik uretara jauzi egin, eta bakoitzak ahal duen moduan, estilo propioan, errekaren jaitsiera egingo du.
Asteburuari begira, San Fausto jaien bukaera ere ekimenez josita etorriko da. Hala nola, Pinondoko txosnagunean, ostiralean, patata tortila txapelketaz gainera, gau partean Trastorno, Atom Rhumba eta KOP taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Agertoki txikian, aldiz, DJ Makalak zuzenduko du dantzaldia. Larunbatean, Amnistiaren aldeko Eguna ospatuko dute txosnagunean. Eguerdian hasi kantu-poteo batekin, eta hainbat ekintza izango dituzte egun osoan zehar, besteak beste, zirku ikuskizuna, kalejira-brindisa edota erromeria. Igandean, Sorkunen eta Anariren emanaldiak izango dira, 19.00etan, eta horrekin agurtuko dituzte jaiak.
Jaietan, musikaz blai
Jaietan zehar, orotara, hogeita hamarretik gora talderen doinuak izango dira entzungai. Egitarauak jasotzen dituen taldeetako asko eskualdekoak dira: Hilbete, The Mockers, Flores de Cartón, Shock Asalto, Disorders, Trastorno, Luhartz, Iheskide, Zebel, Alerta edota Lor. Gainera, Violadores del Verso, Estricalla, Golden Apple Quartet, Des-kontrol, Anger, Governors, Ze Esatek!, Surfin Kaos, Eraso!, Gose, Atom Rhumba, KOP, Anari, Sorkun eta Doctor Deseo ere bai.
Udaleko jai batzordeak Durangoko jantzi tradizionalak, hau da, alkandora zuria eta gona edo praka urdinak, janzteko dei egin die herritarrei, bereziki, San Fausto egunean.
Zezensuzkoaren ohiturari berriro heldu diote Durangon. Aurreko asteburuan eta atzo legez, larunbatean ere Ezkurditik irtengo dira 21.00etan.
Hamaika txosnak eta bi karpak osatzen dute Pinondoko txosnagunea, eta nabarmentzekoa da aurten zer-nolako lehiaketak antolatu dituzten bertakoek. Gaur paella lehiaketa izango dute Pinondon, eta euria eginez gero, Andra Marin izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Lehiaketaren arauei dagokienez, partaide bakoitzak behar dituen osagaiak eta tresneria eraman beharko ditu, eta txosna batzordeak aulkiak eta mahaiak jarriko ditu. Norgehiagoka arituko diren sukaldariek, hala ere, kontuan hartu behar dute, paellak prest eduki behar dituztela 14.00rako, bazkalordurako, alegia.
Ostiralean, bigarren txapelketaren txanda etorriko da, honetan, patata tortila zeinek egiten duen hoberen neurtuko dute. Aurrekoetan bezala, partaide bakoitzak beharrezkoak dituen tresneria eta osagaiak eraman beharko ditu. Ordu eta erdi izango dute partaideek, 21.30ean aurkeztu beharko dituzte-eta tortilak.
Paella eta patata-tortilla txapelketaz gain, txosna batzordeak mozorro lehiaketa ere proposatu du larunbaterako. Gaia zirkua izango da, eta 21.00etatik 23.30era Pinondoko agertoki txikian aurkezteko aukera izango dute, bertan argazkia ateratzeko. GARA