GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Tradizionala ala garaikidea?

Dantza. Hankak, eskuak, burua, aldaka... Bat geratu eta bestea abiatu, etengabeko mugimendu sinkronizatua atsedenaldirik gabeko partida jokatzera behartuko balute bezala. Euskal dantza ala kanpotarra? Tradizionala ala garaikidea? Euskal kulturaren bazter batean bizitzera ohitu den generoa bada ere, askotarikoak dira bere gainean eta azpian mugitzen diren iritziak, jokoak eta interesak, dantza bera bezala, aurrealde eta atzealde guztiak mugitzen baitira ikuskizun berean.

Higidura biziari eutsita doakion lehian entrenatzaile bana izatea zilegi da alde bakoitzaren gidari lanetan. Alde batean, zaldikoz, zortzikoz eta ohiko estiloen taktikari jarraitutako jauzi, bira eta keinu bidezko estrategiadun hamaikakoa; bestean, mugimendu luze, hauskor eta apurtzaileez jantzitako taldea.

Harmailetara so, eragiketa berberak emaitzaren errepikapena islatzen du; zatikatutako ikuspegiak argi erakusten du bertan ere «fondo sur» eta «fondo norte»ko zaleen grina. Lehia, beraz, existitu, existitzen da.

Ezin ikusiaren ulertezinezko gorroto antzeko bat nabari ohi da dantza tradizionalaren defendatzaile sutsuen eta muturreko zale garaikideen artean. Badirudi batak besteari lekua kentzen dion eremu batean bizi dela dantza, tradizionala ala modernoa, bata edo bestea; traiziozko taularatze bat izango balitz bezala. Agian lerro hauek idazteak kontrako jarraitzaile ugari sortuko dizkit, baina ez naiz area hertsieneko jokalariekin identifikatuta sentitzen den horietakoa.

«Fondo norte»koak «fondo sur»ekoekin dantzan ikusi nituen Aukeran-ekin; nahasketa polita, ikusteko erraza, zirrarak blaitutako pertsonen arteko gerturatzearekin bat. Tradizionala eta garaikidea, zapi berari helduta. Azkenean, zer da dantza, bada? Pertsonen arteko gerturatzeak historian zehar sortutako mugimendu sorta besterik ez, egunez egun aldatzen eta garaira egokitzen joan dena. Azken batean, golik gabeko lagunarteko partida, aurrealde eta atzealdea zaintzen egon behar ez den horietakoa. Eta jarrai dezala horrela, golak nork sartzen dituen baino garrantzitsuagoa baita haiek nola sartzen diren ikustea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo