Parisek langileen aurka abiatutako neurriak gero eta erantzun sendoagoa jasotzen ari dira
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan protesta eguna izan zen atzokoa. Zazpigarren greba, Gobernu frantsesak langileen eskubideak murrizteari ekin zionetik. Baionak mobilizazio jendetsua hartu zuen berriz, milaka lagun, baita ikasle ugari ere, erretreten erreformaren aurka elkarretaratu zirelarik. Atzoko greba eta manifestazioa ez ziren lehenbiziko mobilizazioak izan Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean, ezta azkenak izango ere. Aitzitik, garraio eta energia sektoreetan greba gogortu liteke. Zenbait sindikatuk, tartean LABek, greba iraunkortzea proposatu dute dagoeneko eta Euskal Herriko Erretreten Aldeko Kolektiboak biltzarra deitu du, mugimenduaren geroa eztabaidagai izango duelarik. Ipar Euskal Herriko eta Estatu frantseseko mobilizazio horietatik irakaspenik atera daiteke. Baiki, Parisko Gobernuak langileen kontrako erreformen bidea hartu zuenetik, erantzun sendoa jaso du sindikatu eta herritarrengandik. Frantziako Asanblea Nazionala erretreten erreformaren alde agertu zen, eta orain Senatua ari da hori aztertzen; herritarrak, baina, ez dira hura onartuko zain gelditu, eta Gobernuak aurrerantzean hobeto hausnartu beharko ditu bere urratsak.