GARA > Idatzia > Kultura

Hitza eta musika uztartzera dator aurtengo udazkeneko Bilbo Zaharra Foruma

Hizlaria eta musikaria elkartu, eta harreman horretatik sortzen den giro bereziaz gozatzeko aukera eskaini nahi du datorren hiruhilekoan Bilbo Zaharra Forumek. Bost hitzordu antolatu dituzte horretarako.

GARA | BILBO

Bilbo Zaharra euskaltegiak kultur egitarau oparoa prestatu du udazken honetarako. Urriaren 25ean hasita, hitza eta musika uztartuz, «ekitaldi barnerakoiak eta hurbilak» landuko ditu Forumak. Bilboko Plaza Barrian Euskaltzaindiak duen egoitzan izango dira hitzorduak, arratsaldeko zazpietatik aurrera. «Poeta eta idazleen hitza, irakurria ez ezik, kantatua eta entzuna ere izan da gure oraindik oraintsuko tradizioan, eta hala da gaur egun ere. Euskal Herriko kantariek haien hitzak, haien letrak zabaltzen dituzte; sentsibilitate modernoa adierazten duten hitzak eta letrak, alegia. Eta hala, hitza da ekitaldiotako protagonista, errezitatzaileen eta kantarien ahotsetan», azaldu zuten antolatzaileek.

Lehenengo saioa Xabier Euzkitzek eta Joxan Goikoetxeak osatuko dute. Telebistako aurkezle izateaz gain, abeslaria ere bada Euzkitze. Berak esana da, «bertsotan falta izan zaidan lilurak berak eraman nau kantura. Izan dudan sentsaziorik ederrenetako bat instrumentazioaren laguntzarekin kantatzea izan da». Goikoetxea, berriz, akordeoi jotzailea da eta hainbat abeslari eta talderekin egiten ditu kolaborazioak.

Azaroaren 4an, Jabier Muguruza eta Iñaki Irazu izango dira protagonistak. Musikari eta idazle ezaguna lehenengoa, poesia idazle eta dramatizatzailea bigarrena. Aurretik ere parte hartu izan du Irazuk Bilbo Zaharra Forumen, Gandiaga, Lizardi eta Iparragirreri eskaini zizkion poemak orduan.

Jean Mixel Bedaxagar musikariaren txanda azaroaren 11n izango da. Zuberotarrak Anjel Valdes izango du alboan, M-ak taldeko kide ohia, Esan Ozenki Records diskoetxearen sortzailea eta, azken urteetan, Elkar diskoetxeko ekoizpen eta promozio arduraduna.

Musika eta hitza presente egongo dira azaroaren 18an ere, Amaia Zubiria eta Felipe Juaristi gipuzkoarren txanda izango baita. Zubiriaren lana ezaguna da, bakarka zein Txomin Artola edo Pascal Gaignerekin elkarlanean. Juaristi poeta gisa da ezaguna. Euskadi saria irabazi zuen 1998an «Galderen geografia» lanarekin. Euskadi Irratiko zuzendari gisa hasi da orain.

Bukatzeko, Bilbo Zaharra Forum jardunaldietan lehendik ere ibilia den Bernardo Atxaga idazlea izango da abenduaren 2an. Asteasuarrak berak zuzentzen duen Euskaltzaindiaren proiektu berriaren gainean hitz egingo du. «Erlea» literaturarekin lotutako aldizkaria da eta irakurleengana gerturatu eta eurekin solastatzeko saioa izango da honakoa.

BIKOTE ARTISTIKOAK

Gehienean, binaka arituko dira gonbidatuak. «Batzuetan bikote artistikoa osatuta dago aurrez, eta bien arteko konplizitatea iragarria da. Beste batzuetan, aldiz, bikote artistikoa probokatua da eta, halakoetan, ustekabe bikainak gertatu ohi dira», azaldu zuten antolatzaileek.

Fitxa

Urriak 25: Xabier Euzkitze eta Joxan Goikoetxea.

Azaroak 4: Jabier Muguruza, Angel Unzu eta Iñaki Irazu.

Azaroak 11: Jean Mixel Bedaxagar eta Anjel Valdes.

Azaroak 18: Amaia Zubiria eta Felipe Juaristi.

Abenduak 2: »Erlea» irakurlearen saioa. Bernardo Atxaga eta beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo