GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Zesta-puntako Binakako Txapelketa

Egiguren eta Lopezek oso final tristea irabazi dute Hondarribian

Felixek min hartu zuen urdinak markagailuan 14-15 aurretik zirenean eta ez zuen partida amaitzerik izan.

p038_f02.jpg

EGIGUREN II.A-LOPEZ 35

BEREIKUA-FELIX 27

Asier AIESTARAN

Egiguren II.a eta Lopez dira aurtengo Binakako Txapelketaren irabazleak. Gipuzkoarrek 35 eta 27 menderatu zituzten Bereikua eta Felix Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan eta aurtengo lehiaketa partidarik galdu gabe amaitu dute. Bost partida jokatu eta bostak irabazi. Mikel Egiguren donostiarrarentzat bere lehen txapela da aurtengoa; Imanol Lopez zumaiarrarentzat, aldiz, segidan lortzen duen Binakako hirugarren titulua da.

Irabaztea beti da pozgarria, baina aukeratzen hasita, atzokoa ez zen izan kirolari batek amesten duen garaipen klasea. Izan ere, bikote urdina ordura arteko tantorik onenak jokatzen ari zenean, eta markagailuan 14-15 aurreratzea lortu zutenean, Felix Espilla atzelari beteranoak min hartu zuen. Edo hobe esanda, lehendik arrastaka zeraman lesioa berritu egin zitzaion.

Berriatuko pilotari paregabeak izterraren atzealdean min hartu zuen igandeko finalerdian, eta zalantzaz josita izan arren, finala jokatzea erabaki zuen atzo bertan. Oso txukun aritu zen lehen tantoetan, hainbestean eutsi zien Lopezen pilotakada beldurgarriei, baina gutxien uste zuenean zangoak kitto esan zion. Negar malkotan aldageletara sartu zen, eta ondoren harmailetatik ikusi behar izan zuen bere azken finala zena. Hori bai, Jostaldiko zaleek txalo artean agurtu zuten aurki erretiroa hartuko duen 48 urteko pilotari bikaina.

Bere ordezko gisara Jon Arriola herrikidea irten zen kantxara. Eginbeharrak hotzean harrapatu zuen atzelari gaztea, eta horri esker konturatzerako markagailuan alde egin zuen bikote gorriak (19-15). Zetorrena ikusita, Julen Bereikuak arriskatzea erabaki zuen eta, berak bakarrik dakien moduan, txapela kentzeko dozena erdi tanto ikusgarri sinatu zituen. Emaitza ere asko estutu zen (23-21).

Baina normala den moduan, asko arriskatzen duenak huts egiteko aukera gehiago izaten du, eta azken txanpan bikote gorria seguruago ibili zen. Deigarria izan zen Mikel Egigurenek atzera jokatzeko izan zuen joera, gehiegi seguru asko, baina taktika ongi irten zitzaion azkenean.

«Egia esan zapore gazi-gozoa utzi digu finalak. Denok nahi genuen Felixen agurrean partida polit bat jokatzea, eta ongien ari zirenean lesioa iritsi da. Pena bat», aipatu zuen Lopezek.

Hirugarren postua

Hirugarren postua, berriz, Beaskoetxea eta Irastorzak osatutako bikotearentzat izan zen, jaialdia ireki zuen partidan Erkiaga eta Alliez 30 eta 24 menderatu baitzituzten. Norgehiagoka luzea eta borrokatua izan zen. Guztira 545 pilotakada jo zituzten, partidak ia ordubete eta hogei minutuko iraupena izan zuen, eta benetako jokoa ere 38 minututik pasa egin zen. Irabazleek partidaren erdialdera hartu zuten hiruzpalau tantoko abantaila eta horri amaierara arte eusteko gai izan ziren. Bereziki aipagarria Beaskoetxeak aurrean egindako lan ona.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo