Erretiroaren erreformaren aurka, greba mugagabea egiteko prest
Erretiro sistemaren erreformaren aurka antolatu duten grebarik gogorren eta jendetsuena izan zen atzokoa, sindikatuen arabera. Baionan 17.000 lagunek parte hartu zuten manifestazioan. Mobilizazioak gogortzeko beharra ikusi dute hainbat sindikatuk, eta greba mugagabea egiteko aukera aztertuko dute. Gainera, ikasleek bat egin dute mobilizazioekin. SNCFko eta Parisko garraiko langileek dagoeneko hartu dute erabakia, eta greban jarraituko dute.
GARA |
Gobernu frantsesaren egitasmoaren aurka orain arte egin duten «mobilizazio gogorrena» izan dela adierazi dute Jean Claude Mailly Force Ouvriere (FV) sindikatuko idazkari nagusiak eta CGTko idazkari nagusi Bernard Thibaultek atzoko manifestazioen datuak ikusita.
Erretreten erreformak aste honetan bukatuko du bere ibilbidea Senatuan, eta greba mugagabe bilakatzeko proposamena aztertuko dute sindikatuek.
Euren arabera 3,5 milioi pertsonak parte hartu zuten atzo izan ziren 244 manifestazioetan. Barne Ministerioak parte-hartzaileen kopurua 1,2 milioira murriztu badu ere, aurreko grebetan baino handiagoa izan dela aitortu du.
Parisen 330.000 lagun bildu zituen atzoko protestak, sindikatuen arabera; Marseillan, 230.000 eta Tolosan 145.000.
Gainera, milaka ikaslek bat egin zuten sindikatuen mobilizazioekin, eta parte-hartze oso aktiboa izan zuten. Gobernuak beldur zion gazteen parte-hartze horri. Lege egitasmoa Senatuan izanik, mobilizazioak geldotuko zirela ere espero zuen, baina guztiz kontrakoa gertatzen ari da, eta greba iraunkor bihurtzeko asmoa agertu dute dagoeneko Estatu frantsesean CGT eta Sud sindikatuek, eta Euskal Herrian LABek. «Helburua ez da mobilizazioak gogortzea, baina Gobernuaren autismoaren ondorioa hori izan daiteke», esan zuen Thibaultek.
Baionan, jende ugari
Euskal Herriko Erretreten aldeko Kolektiboa gaur bilduko da, mobilizazioek hartu beharreko bidea eztabaidatzeko. SNCFko eta Parisko garraio publikoko langileek dagoeneko erabaki dute grebari eustea. Sindikatu batzuk ere greba orokorrak iraunkor bihurtzearen alde daude. Beste batzuek, berriz, nahiago dute manifestazioak egiten jarraitu. Gaur elkartuko dira, jarrera bateratua adosteko. Euskal Herrian ere, jende ugari kaleratu zen atzo. Baionan, Lan Burtsatik abiatu zen intersindikalak deituriko martxa, eta Reduit plazan elkartu ziren LAB sindikatuko kideak. Sindikatuen arabera, 17.000 herritar izan ziren manifestazioan; Poliziaren arabera, 7.500 izan ziren. Edonola ere, irailaren 23an izandako mobilizazioaren parekoa izan zen, kazeta.info agerkariak jaso duenez. Ikasleen parte-hartzea ere nabaria izan zen. Lauga eta Cassin lizeoak blokeatu zituzten ikasleek protesta sostengatzeko.
Grebak energia eta garraio arloetan izan zuen eragin handiena. Bi trenetarik bat ibili zen, eta abiadura handiko hiru trenetarik bakarra. Biharko, SNCF konpainiak eskualdeko trenetan zerbitzuaren %61 bermatuko duela azaldu zuen.
Baiona eta inguruetan lineako autobusen erdiak ibili ziren. Aireportuan, bestalde, EasyJet eta Ryanair konpainiek beren hegaldiak eten egin zituzten, eta AirFrancek Pariserako lau hegaldi atxikiak zituen. Bestalde, postan, erietxeetan eta irakaskuntzan ere nabaritu zen greba.
Estatu osoan ere bertan behera geratu ziren hegaldi ugari. Charles de Gaulle aireportutik ez zen atera hegaldien %30 eta Orlykoan erdiak baino ez ziren abiatu. SNCFko langileen erdiak baino gehiagok greba egin zuten, CGTren arabera.
Energia arloan eragin esanguratsua izan zuen grebak, hamabi petrolio findegietatik hamaikatan lanuztea erabatekoa edo oso zabala izan zen. Greban jarraituz gero, hornikuntzan arazoak sor daitezkeela ohartarazi dute sindikatuek.
Milaka ikaslek bat egin zuten mobilizazioekin eta oso parte-hartze aktiboa izan zuten. Baionan, Lauga eta Cassin lizeoak blokeatu zituzten. Garraio eta energia arlokoek greban jarraitzeko asmoa izatea eta ikasleek mobilizazioetan parte hartzea greba gogortzeko ardatzak izan daiteke.
Irailaren 15an Asanblea Nazionalak erretretaren adina 60 urtetik 62ra atzeratzearen alde bozkatu zuen. Ostiralean Senatuak neurri hori baieztatu zuen, eta astelehenean 65 urtetik 67ra atzeratu zuen pentsio osoa jasoz erretiratzeko epea. Sindikatuek datorren larunbaterako beste mobilizazio egun bat antolatu dute, eta baliteke ordura arte eustea grebari. Izan ere, garraio eta energia arlokoek greban jarraitzea eta ikasleen parte-hartzea greba gogortzeko ardatzak izan daitezke. Ikasleen mobilizazioak gazteentzako kontratu prekarioa atzera bota zuen 2006an. Atzo François Fillon lehen ministroak adierazi zuen Gobernua «ahal duen mugaraino» joan dela erretreten erreforman aldaketak onartzeko. GARA