Segi-ren Gazte Iraultzaileen I. Topaketek «batzeko beharra» azaleratu dute
Elkar ezagutza sustatzeko, hausnarketak trukatzeko eta elkarlana bideratzeko oso baliagarritzat jo dituzte Segik antolaturiko Gazte Iraultzaileen I. Topaketak. Bertan parte hartu duten Estatu frantseseko sei erakundeak bat etorri dira: aldaketa eragiteko, batzea beharrezkoa da.
Arantxa MANTEROLA |
Estatu frantsesean bezala, Ipar Euskal Herrian ere, erretreten erreformaren kontra aste hauetan indartu den protesta-mugimenduak aurreikusitako egitaraua moldatzera behartu baditu ere, Segik aurrera eraman ditu Gazte Iraultzaileen Topaketak.
«Esperientzia aberasgarria eta errepikatu beharrekoa» izan dela adierazi zuten, atzo, Azkainen, jardunaldien bilana egiterakoan.
Izan ere, arestian aipatutako arrazoiengatik, gonbidatutako estatuko bederatzi gazte-erakundeetatik seik soilik parte hartu zuten arren, «eztabaidak eta trukaketak elkar ezagutza sustatzeko oso baliagarriak izan dira», Amaia Elixeri eta Txomin Catalognek nabarmendu zutenez. Are, lehen topaketa hauetan sortutako harremana «etorkizunerako elkarlanaren abiapuntutzat» jo zuten.
Eztabaidetan argiki azaldu den zerbait nabarmendu zuten bi bozeramaileek: «Agerian geratu da borroka iraultzailea ez duela erakunde batek aitzinarazten, bere militanteek baizik».
Horrekin batera, «antolatzeko eta borrokatzeko premia» begi bistan geratu da jardunaldiotan, baita batzeko premia ere. «Bilatzen dugun aldaketak, ezinbestean herrien eta gizarte sektoreen arteko elkartasunean du oinarri eta ezin dira isolaturik eraman aurrera», gaineratu zuten militante abertzaleek.
«Antolamendu, praktika edota lehentasunetan erakundeen artean desberdintasunak azaleratu dira, jakina, baina gazteria zatitu nahi duten honetan, gure erantzunik hoberena elkartzea delakoan bat etorri gara», esan zuten Segiko kideek.
Aldaketa eragin
Ostegunean hasitako topaketetan parte hartu zuten gazte erakundeetako ordezkariak ere mintzatu ziren. Guztiek bere esker ona azaldu zioten Segiri jardunaldietara gonbidatzeagatik.
Libertat-eko kideak, «Okzitaniako herritarren emantzipazio soziala, haien autodeterminatzeko aukera eta berezko kulturaren iraupena» helburu dutela azaldu zuen, «Euskal Herriko borrokarekiko eta herritarrekiko» duten «gertutasuna» nabarmendu aitzin. Egun, «kapitalismoari buru egitea lehentasuna» dela gaineratu zuen.
Maiatzean birbatutako JCMLko bozeramaileak, «gazte-mugimendu iraultzaileak zatiturik» daudela ohartarazi, eta «batzeko beharra» nabarmendu zuen.
Alternative Libertaire-koak, berriz, egungo egoerari «erreformekin baino, gizartearen erabateko aldaketa eragingo duen iraultza sozialarekin» erantzun behar zaiola adierazi zuen.
Estatu frantseseko gazteek «eredu kapitalistaren agortzearen aurrean, sistema aldarazteko» zer egin badutela esan zuen OCLko ordezkariak. Topaketak «nazio askapeneko borrokak deskubritzea ahalbidetu» diela gaineratu eta euren mugimenduetan arazo horiez hausnarketa eragiteko prest agertu zen.