Maite Ubiria Kazetaria
Itzalguneak eta bideko argiak
Esperantza kanpamentuan argiak itzali dira. Asteotako itxaronaldia amaiturik, etxeko bidea hartzeko tenorea heldu da azkenik. Enpresa baten anbizioak lurperatu zituen langileentzat lehenik; eta ondoren, horien epopeia, tarteka munduko futbol txapelketa baten kronikarien erara, kontatzera Txileko txoko urrun batera joan ziren ehunka kazetarientzat.
Denbora berean, putzu ilun batean sarturik izan den Jose Luis Elkoro jaun txit ohoragarria etxeko bidean ezarri du mendeku gosea duen Estatuak.
Bizitzaren aldeko borrokaren berri mundura zuzenean emateko parada ukan duten kazetariekiko inbidia sentitzen dudala aitortzeko lotsarik ez dut. Lan baldintza krudeletan jarduten duten meatzariek heriotzaren kontra libratu duten bataila gordina xehetasun guziekin kontatzea benetan erakargarria zen.
Arrazoi beragatik, alkatea, legebiltzarkidea, foru parlamentaria... urte luzetan herri honetan argia pizteko Jose Luis Elkorok egin duen lan duina lau haizetara kontatzea merezi duelakoan nago. Ziur naiz bergararrak muzin egiten diola aktore edo heroi gisa hartua izateari. Arnaldo Otegi eta bahiturik dituzten beste herritarrak bezala, bidean argiak pizteko ekintzailea baizik ez da Elkoro. Hala ere, ez nituzke gure meatzari berezi horiek ahantzi nahi, eta gogoan izan nahi ditut, era berean, borroka gogorra eramaten duten maputxe presoak.
Txileko meategi baten inguruan kamerek piztu duten argia ez litzatekeela besterik gabe amatatu behar uste dut. Oraindik ere iluntasun gune gehiegi direlako eta horiek guziak agerian uzteko esperantza-kanpaleku berriak altxatzeko egiazko premia dagoelako.
33 langileek zeruari irriñoa berriz botatzeko eskubidea irabazi dute. Herri honetan ehunka gizon-emaztek sari bera eskuratu ahal dezaten erreskate plana abian jarri behar da. Indarrak, jakinduria eta konpromiso politiko guzia helburu horren mesedean ezartzea ezinbestekoa da.
Eskubiderik gabeko infernuak itzaltzeko ekimen bateratuak sortzen ari dira, herriz herri sorospen brigadak antolatuz doaz.
Lan neketsua da. Espetxetik atera eta isilik, gordeta, atxiki nahi dituzte politikariak, sindikalistak, hautetsiak...
Zorionez, zulo zaharrak husteko eta hormarik gabeko kartzela berri horien hormak lurrera botatzeko, punta-puntako tresneria dugu: herriaren nahia.