GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Akabo gara! Ezkila joa!

Akabo gara! Polo soberanistarenak egin du! Abiatu bezain pronto galdu du izateko funtsa, lortu nahi zuen helburua, independentzia, beste batzuek lortu berri dutelako. Esaera zaharra gogoan, ezkila jo denean akabo dira hilari buruzko solasak. Eta bai, jelkideek jo dute ezkila, beheko Estatuaren hiriburuko katedralean jo badute ere; ondorioz, hiltzat hartzen genuen Estatutuari buruzko solasak amaitu dira! Ixo! Sinesten zaila, ezina, egiten bazaigu ere, independentzia ekarri berri digu zeinek eta urteetan mespretxatu egin dugun Estatutu hark, zelan eta jelkideen ahaleginez ekarri ere! Fedegabeak halakoak! Hamaika sinesteko gara gero! Elefanterik elefanteena mugitzea lortzea ere! Azkenean! Lehen Hezkuntzako erlijio-irakasleen gaineko eskumena lortua da! Azkenik! Gora Euskal Herria Askatua! Gora. Bai arin pasatu gero 1979tik geroko urteak!, hortaz, denborak denbora eta neurriak neurri, ezin asko kexatu Atacamako meatzariak.

Honezkero euskal Elizak ez du zertan bitartekari izan, ezertan ere ez, hemen sikiera. Amen, omen, hemen. Alaba dezagun jelkideen jaungoikoa! Barkatu, zuzena izan nadin, ondo esango dut: Araba dezagun jelkideen jaungoikoa! Izan ere, hori ere lortu omen baitute, hau da, hiru euskal lurraldeen izenen euskal grafia han errespetatzea. Aleluia! Hossana Sabinistango zeru gainean! Jada ez du zentzurik lehengoan Bizkaiko gotzain berriak San Mameseko pulpitutik batasunaren alde egindako deiak, Batasuna egun berez legezkoa baita beheko Estatuan sinatu berri duten papera sinatu dutenez gero. Gauzak horrela, ezker soberanistok langabe geratu gara kolpe batean, eta berdin gotzainek, azken hauek aitaren batean, jakina; eskerrak bete gabeko sudoku-ak geratzen zaizkigula! Eta, zer egingo dute orain Gipuzkoako jelkideek? Batu gaitezen horrenak ere egin du honezkero! Ez badute Batu ditzagun lelora jotzen eta atez atekoekin batu, kalitatez!

Ama, ama! Zulo handia egin dute egunotan, metalak arrokari aurrea hartuta, Suitzako mendipeko tunel sakon-luzea egin ere. Han-hemengo saltoki handietarako merkantziak arin pasatu ditzaten edo. Merkantziek lehengaiak behar dituzte. Eta lehengaiek meatokiak. Meatokiek meatzariak ere. Eskerrak meatzariek ez dutela gauza handirik behar, pikotxa eta pazientzia baino ez; ordena horretan. Lasai batean begiratu diezaiokegu Atacamako lurpeari, independentzia lortu berriaren lur-gainetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo