GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Mattin Bacho 2010/10/11, Kazeta.info

Euskara eta erdararen arteko bizikidetza iraunkorra antolatu

(...) Elgar agurtzeko edo aroaz bi ele trukatzeko euskara baliatzen duten eta gaineratekoaz mintzatzeko frantsesez segitzen duten euskaldunak aditzeak ardura halako barne ezinegon bat eragiten daut.

Bi hizkuntzen arteko hierarkia bat salatzen duelako izanen da. Zentzurik ba ote du euskara baliatzea konda ez diren gauzetaz bakarrik mintzatzeko bada ? Halakoetan mintzaira zaharra alde bat uztea ez litaikea komenigarriago ?

Alderantziz beti ber erranaldi hormatuak badira ere ez dea hobe euskara doi bat entzutea deus aditu baino? Erabateko desagertzea burutu aitzin hizkuntz ordezkatzearen azken arrasto bat dea? Azken denboretan nire buruari egiten dazkotan galde zerrendari bat gehitu dut : eta euskaldunek, euskaradunek duela aspaldi hautatu duten bizirik irauteko estrategia baten hondarra balitz? (...)

Euskara alor jakin batzuetarat mugatze hori, hainbat euskaldunendako segurrik, agian gainean aipatu helburuak eta euskara bizirik iraunarazteko xedea uztartzeko bide bat izan. Bistan dena deusetan oinarritzen ez den hipotesi huts bat da hori, zientzia-balore izpirik ez duen susmo bat. Bainan egia ala asmakizun hutsa euskaldunok, Iparraldeko euskaldunok bederen (zertan den egoera ikusirik), alegiazko estrategi horren gaurkotze lanetan ari beharko ginatekeela iduritzen zaut. (...)

Euskaldunek bizirik irauteko hautatu zuten alegiazko estrategia zaharra telebistak bakarrik duenez hankaz gora ezarri ez dakit (ekarpen erabakigarria egin duela dudarik ez) bainan segur dena da lehen hermetikoak ziren euskal eremu elebakarrak («familian, elizan, merkatuan eta plazan») orain eta hemen ardurenean egiazko iragazkiak direla (ustezko gotorlekuak diren laborantxa edo eliza mundua barne), erdarak funtzio guziak betetzeraino, eta horrek euskararen gainbeheran eragin haundia ukan duela.

Lurralde berean hizkuntza bat baino gehiago baliatua denean edo bien arteko bizikidetza bat antolatzen da edo batek, azkarrenak, besteari gaina hartzen dako (gurean zein den xahu izanen argitzerik balio ote dea?). (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo