GARA > Idatzia > Kultura

Warhol-en arrakasta sumatu da beste behin ere Sotheby's etxeko enkantean

Arte garaikideari eskainitako Frieze izeneko azoka egiten dute urtero, Londreseko Regent's Park-en, urrian. Bertan, munduko 170 arte galeria baino gehiago biltzen dira bisitariei -artistak, bildumazaleak eta publiko arrunta- arte garaikidearen munduko joera berrienak erakusteko.

p055_f01.jpg

Maider LACALLE |

Aukera paregabe hau aprobetxatu egiten dute Britainia Handiko hiriburuko enkante etxeek, Sotheby's eta Christie's etxeek esaterako, artearen merkatu lehiakorrean aritzen diren bezeroak erakartzeko. Sotheby's etxeak aitortu duenez, «arratsalde honetarako, Frieze azokak erakarri dituen bezeroek mirestuko dituzten lanak aukeratu ditugu». Bezero gazte eta mundu osotik bertaratuen gustuak ase nahi izan dituzte gaurkoan.

Guztira 39 lan jarri ditu enkantean, lan bat enkantetik erretiratu egin du azken momentuan, orain dela 250 urte baino gehiago sortu zen enkante etxeak. Horien artean, Andy Warhol, Lucian Freud eta Anish Kapoor-ren lanak izan dira salgai. Hamahiru milioi libera baino gehiagoko salmenta (13.260.150 libera zehazki) egin dute ordubete baino gehiago iraun ez duen enkantean. Tentsioa eta bizkortasuna nagusi, mota guztietako bezeroak izan dira aretoan. Estatistikak erakutsi dute, hala ere, gehienak Britainia Handikoak zirela, %37. Erosle amerikarrak izan dira bigarren potentzia, hauek erosleen %31 izan direlarik.

Sotheby's etxeak Londreseko Bond Street-en du egoitza, Viviene Westwood eta Stella McCartney diseinatzaileen dendetatik gertu. Orain gutxi utzi gintuen Alexander McQueenek ere parean du denda. Lekua, beraz, dirudunentzako paradisu antzeko bat da, eta horrenbesteko diru kantitate handia ez dutenentzako helmuga bat, diruaren hiria bezalako lekua den Londresen behintzat.

Gertu dagoen Conduit Street-eko Sketch tabernara sartzeko, esaterako, ilaran itxaron behar da dimentsio handiko hall antzeko batean mahairen bat libre geratu arte. Aldamenean dagoen Starbucks-ek, berriz, goi mailako joskintza denda baten erakusleihoa dirudi, goitik behera miatu arren orban bat ere ez duten beirez hornituriko sarrerarekin. Badirudi batzuentzat Sotheby's bezalako enkante etxera etortzea besteentzat supermerkatura joan-etorria egitea bezain erraza dela. Dirua ez omen da oztopo arratsalde honetan bildu diren gehienentzat.

Andreas Gursky

Espero bezala, Andy Warhol-en «Diamond Dust Shoes» izan da prezio handienean saldu den lana. Ameriketako Estatu Batuetako artistak 1980. urtean sortutako artelana 1.553.250 liberan saldu da, aurreikusitakoarekin bat datorren zenbatekoa. Ez du, beraz, inor ustekabean harrapatu, baina ez du huts egin.

Ezusteko handia izan da Andreas Gursky-ren «Pyongyang IV» artelanaren arrakasta. 2007an sortutako lana Iparraldeko Koreara egindako bidaia baten emaitza da, eta 1.329.250 liberan saldu dute. Miresgarria da benetan kreazioa; dimentsio handiko argazki honetan Rugrado May Day estadioan -munduko estadiorik handiena- erretratatutako milaka gimnasta ikus daitezke, Gursky-k bere lanetan aukeratzen dituen forma eta simetria perfektuak irudikatuz.

Irudiaren atzealdean 30.000 umek heldutako pankartak antzeman ditzakegu, argazkiari konplexutasuna gehitzen diotenak. Gai politikoak ez tratatzearren, politikarien edo propaganda mezuei bere irudietan azaltzeari uko egiten dio, eta horren ordez, abstrakzioari ematen dio protagonismoa.

Ezustekoetan handiena, Irakeko Ahmed Alsoudaniren «Untitled» lanak eragin duen zirrara, baita Banksy artista alternatiboaren «Pledge Allegiance to the Flag» margolanaren salmenta ere. Lehenak Iraken jasotako irudi biolentoak azaltzen ditu. Beldurgarria baino, hunkigarria da. Alsoudani-k berak aitortu duenez: «Une hauekin bizi izan naiz urte hauetan. Horregatik diot nire lanak dokumentazioarekin lotura daukala. Iraganean gertatutako gauzak jorratzen ditut, baina horietan gaurkotasuna suma dezakezu». 60.000 eta 90.000 libera artean jarri zuen Sotheby's etxeak salmentaren gutxi gorabeherakoa. Enkantean 240.000 liberan saldu dute. Antony Gormley, Cindy Sherman eta Juan Muñoz-en lanak ere saldu dira arte garaikideari eskainitako azokan.

Salneurriek ez dute agertu krisi aurreko konfiantza

Sotheby's etxeak ekonomikoki aurten gauzak hobeto doazela aitortu duen arren, prentsaurrekoa emateko bildu diren arte kritikari eta profesionalak ez daude hain ziur. Aurreko urtean ez zuten enkanterik egin Frieze azokaren egunean, eta horren arrazoia, «jendeak ez zuela horretarako aldarterik», enkante etxekoek nabarmendu dutenez. Oraingoan Warhol-en artelanek diru kantitate handia ekarri duten arren, gehieneko estimazioa baino salneurri txikiagoa izan dute bai «Diamond Dust Shoes» lanak, bai «Flowers» lanak ere (lehenari dagokionez, gehieneko estimazioa 1.600.000 liberakoa zen, eta 1.553.250 liberan saldu dute, eta bigarrenaren gehienekoa 850.000 liberakoa ziren eta 825.250 liberan saldu dute). Bi gauza adieraz ditzake horrek, lehen begi-bistakoan: baliteke hein batean Warhol-ek arrakasta galdu izana, edo baliteke merkatuek oraindik hartu ez izana krisi aurreko konfiantza. Bata edo bestea, denborak esango du zein den artearen etorkizuneko benetako joera. M. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo