GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autodeterminazioa xede, etorkizuneko protagonista izateko aldarria, Ordizian

Zanpantzarren eta Eskoziako gaita-jotzaileen doinuek bat egin zuten atzo Ordizian. Nazio eta herrialde guztiek duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten milaka lagunek egun osoan zehar. Berri Txarrak, Red Hot Chilli Pipers, Gose, Trikizio, Oreka TX eta Grousebeater Sound System taldeen kontzertuek amaiera eman zioten jaialdiari.

p024_f01_148x104.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA I

Eskoziako eta Euskal Herriko kulturek eta ohiturek bat egin zuten atzo, Gipuzkoako Goierrin, nazio eta herrialde guztiek duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Nazioen Mundua herri ekimenak antolatutako Scotland - Euskal Herria jaialdiko erdigune bihurtu zen Ordiziako errugbi zelaia. Antolatzaileek adierazi zutenez, goizaldean, Highland Games ikuskizunaz gozatzera lau bat mila lagun inguratu ziren. Bederatzi kirolarik jardun zuten lehian, horien artean, Eskoziako, Euskal Herriko, Flandriako, Alemaniako, Japoniako, Australiako eta Herbehereetakoak. Hainbat proba egin zituzten, besteren artean, 10 kiloko harriak edota 14 kiloko katedun bolak jaurtitzen aritu ziren norgehiagoka.

Bazkalosteko kantautoreen ostean, karpa erraldoian Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia izan zen, primerakoa, eta haur zein guraso, bi mila lagun batu ziren. Zenbait ordezkari politiko ere autodeterminazioaren aldeko jaialdira hurbildu zen, besteren artean, Markel Olano, Rufi Etxeberria, Xabier Arzallus edota Tasio Erkizia. Azken bi horiek GARAri hitz batzuk eskaini zioten. Arzallusen aburuz, «ordua heldu da, Europan azken urte hauetan hainbeste herri txiki eta ez hain txikiak askatu dira». Honakoa gaineratu zuen: «Nire ustez ez da asko falta askatasun osoa lortzeko eta Madrilekoek lurra lantzen uzten ez badigute beldurra daukatelako da. Hala ere, fede osoa daukat unea badatorrela».

Tasio Erkiziak nabarmendu zuen tankera honetako ekimenak «eredugarriak» direla Euskal Herri osoarentzat. «Siglen gainetik, herritar guztien izenean, elkarrekin lan egitea proposatu dute, eta honek adierazten du, nazio bat egin nahi baldin badugu, sigletatik harantzago, borondatea daukagunak bildu behar garela». «Erabakitzeko eskubidea etorkizunera begira zutabea da normalizazio politiko baterako, baita bakerako ere», bukatu zuen Erkiziak.

Nazioen ahotsa eta nahia

Orduek aurrera egin ahala, jaialdia bera borobilduz joan zen. Ekitaldi nazionala 18.30 aldera izan zen, eta bi testu irakurri zituzten bertan. Lehendabizi, Udalbiltzak babestu eta Udalbideren laguntza jaso zuen testua irakurri zuen Loren Arkotxak, auzipetuen izenean.

«Autodeterminazio eskubidearen gainean, nazioen ahotsa eta nahia era demokratikoenean erabakitzeko bidean dihardute Euskal Herriak eta Eskoziak» eta «Udalbiltzak aldarrikatu nahi du Euskal Herriak, munduko beste herriek bezala, nazio instituzio propioak izateko eskubidea duela», gaineratu zuen Arkotxak. Herri gisa aurrera egin dezagun, guztien artean «elkarlana eta harreman dentsitatea aberasteko» deia zabaldu zuen.

Segidan, Nazioen Mundua ekimenaren izenean, Angel Oiarbidek, etorkizunaren «protagonista» izatera dei egin zien bertaratutako milaka lagunei. «Ondorengoei, gure seme-alabei giza eskubide zibil eta politikoak errespetatzen diren oinarri demokratiko bat uzten saia gaitezen». Hori izango baita, Oiarbidek aldarrikatu zuen bezala, utz diezaiekegun «ondarerik aberatsena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo