Munduko Txapelketa jokatu berri da Pauen
Pilotari dominikarrek ere laguntza eskatzen dute
Gutxi izan arren, badira pilotariak Dominikar Errepublikan, eta sekulako gogoa dute ikasten jarraitzeko.
Jon LEUNDA I
Dominikar Errepublikan ere jokatzen dute eskupilotan, hori baieztatu du Carlos Jeam Perezek, Paueko Munduko Txapelketan. Partida irabaztea zuen xede, eta hori lehen saioan lortu zuen, Kanadako ordezkariari 22 eta 16 irabazita.
Mutil handia, indartsua, eta fisikoki oso ongi prestatua; labur esanez, horrelaxe definitu dezakegu Perez. Hori bai, pilotan asko ikasi beharra dauka, baina bere jokoa ikusi duten adituek diotenez, pilotan egiteko moduko mutila omen da, hemengoa izan balitz, profesionaletara heltzeko modukoa.
«Sei ari gara eskupilotan jokatzen. Nik 31 urte ditut, eta bost bat urte daramatzat jokatzen. Astean hiru aldiz entrenatzen dugu, eta partidak geure artean jokatzen ditugu», azaldu digu dominikarrak. Munduko Txapelketan izateak sekulako garrantzia dauka: «Hau da munduan zehar pilotan zenbat dakidan erakusteko aukera bakarra. Helburua partidaren bat irabaztea zen, eta lortu dut».
Bere herrialdean aurrera egiteko, laguntza eskatzen du. «Pilotaleku bakarra daukagu, eta gazteei ilusioa egiteko laguntza behar dugu. Euskal Herrian badira pilotari profesionalak; aukera bat eskatzen dugu, honantz etorri, eta ikasteko. Balio badugu izango dugu geratzeko aukera, eta bestela gure mailari iraultza bat emateko balioko du. Agian orain niretzat ez du balio, baina bai atzetik datozen gazteentzat», adierazi du.
Laguntza gutxi
Raul Montejo kubatarra du entrenatzailea, eta hark ere argi utzi du Dominikar Errepublikan laguntza beharrezkoa dutela: «Ez dugu laguntzarik. Gobernuak ia ez du laguntzen. Arazo larria da. Jende gutxi dabil pilotan, baina aritzeko ditugun baldintzak ikusita, maila nahiko ona da», dio entrenatzaileak.
Izan ere, han duten baldintzetan, biziraupena da helburu behinena: «Frontoi bakarra, eta bera, estali gabea. Beraz, euria, eguzkia dena hartzen du, eta horrek zorua kaltetu egiten du. Ez da zuek ohituta zaudeten bezalakoa. Materiala, hemendik bidaltzen digutena besterik ez dugu. Hemen, pilota bat izorratzen bada, beste bat bada ordezkatzeko, eta aurrera. Han, bat izorratzen bada -eta hemen baino askoz ere errazagoa da hori-, hura nola edo hala konpondu behar da, ez baitakigu hurrengo pilotak noiz helduko diren, eta lanean jarraitu behar da».
Etorkizuna lana eginez bakarrik ikusten du. «Aurrera begira lan eta lan egin behar da, ez dago beste aukerarik. Ditugun gazteei bultzada eman behar diegu, eta horretarako lan handia egin behar da». Kanpoko herrialdeetako laguntza ere eskertuko lukete: «Kanpoko edozein herrialdek laguntzen digula ere ongi hartuko dugu. Dominikar Errepublikan pilota jokoa hasten ari da, eta laguntza dena onartuko dugu». Hango pilotariek zer-nolako motibazioak dituzten galdetuta, garbi dauka erantzuna: «Munduko Txapelketa, eta Joko Panamerikarrak. Horietan kanpoko pilotariekin neurtzeko aukera dago, eta hori da beren ilusio handiena».
Perezek Munduko Txapelketan jokatu zuen partida 22-16 irabazi zuen Pettigrew kanadarraren aurka. Emozioa handia izan zen, baina maila oso kaskarra, nahiz eta bi pilotariek erakutsi zuten ahalmenak badituztela behar duten trebakuntza jasoz gero. 21 minutu besterik ez zituen iraun, eta 13 tanto egin zituen sakez dominikarrak, eta 11 kanadarrak. Bakoitzak, gainera hiruna sake falta ere egin zituen. Beraz, hor ikus daiteke piloteoan zenbat aritu ziren. Arazoa, ordea, ez da hori, inork ez badie laguntzen, hemendik 40 urtera ere maila bera izango dute, ez dute aurrerapausorik emango, baina jokalariei erakutsiz gero, maila ona har dezakete, izan ere, pilotan aritzeko sekulako gogoak ere badituzte. Pilota indartu nahi bada, laguntza zabaldu beharra dago.