GARA > Idatzia > Kultura

Mugak gainditzeko ahalmen ikusgarria erakutsi zuen Amets Arzallusek

Arzallusek zuzenean eskuratu zuen final handian kantatzeko txartela; bigarren izan zen Eneritz Zabaletak ere han kantatzeko parada izanen du, lan ederra egin eta gero. Gainerakoek puntuen zain egon beharko dute, baina Gabadiko seikoteak ez du erraza izanen puntu horien langa gainditzea.

p058_f01.jpg

Zuraide ETCHEMENDY I

Mugaz beteriko herri handi batean bizi gara, muga horietako batzuk fisikoak dira, ikusten direnak, eta batzuk tarteka-tarteka  gainditzen. Hendaia eta Irun artean eraiki zuten bat behinola, Bidasoaren bi aldeetara eraikia zen herria zatitzeko intentzioarekin. Fisikoki ezabatu zuten gero, baina psikikoki eragitea lortu zuen muga ikusezin horrek. Horrela, eraikuntza batek zatitu ez zuen herri hura pentsamendu batek elkarrengandik urruntzea lortu zuen. Muga batto, eta muga biga. Atzo Luhuson bi muga horiek gainditu ondotik bildu zen bertsozale eta euskaltzalea erruz, Harri Xuri gelan hirurehundik gora lagun. Alde bateko eta besteko, denak herri bakarreko.  

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre «Xilaba» bada, Bizkaia, Araba Gipuzkoa eta Nafarroa «Biargina» dira, biharko herri bakar horren arima. Mugak ere ezarriak zituzten atzoko sei bertsolariek, neurri aldetik ariketa desberdinak ahalik eta denbora gutxienean egitea zen nagusia, final handira sartzeko langa gainditu beharra gero, heien urduritasun eta kezka guztiei gain hartu eta jendearen aitzinean heien onena ematea azkenik, eta mugak horiek baziren, batzuk behintzat bikaintasunez gainditu zituztela erran behar dugu lehenik eta behin.

Bildu zen bertsozaleak ere muga izan zezakeen euskalkia, hainbestetan broma eta txiste formara erabiltzen dena, «iparraldeko horiek ulertuko ote ditugu?» bezalako erranak… Eta sentimenduek mugarik ez dutenez, bertsoen bidez sorturikoek muga guztiak hautsi ditzaketela erakutsi zuten atzo. Fini beraz muga hitzak. Etengabeko ideien isuria izan zen atzoko bertso saioa, etengabeko ahozko sorkuntza. Biziki bertso politak entzun ziren Luhuson, saio bete-beteak.

Hona puntuazioa: Amets, 377 puntu; Eneritz, 345,5; Odei, 337; Ekhi 316,5; Xumai, 305,5; eta Gillen, 296 puntu. Zail da Amets Arzallusen saio bakar bat honat ekartzea, kantatu zuen ale eta ofizio bakoitzeko gauza ikusgarriak egin baitzituen. Baita beste bost kantu lagunek ere. Parada duenak entzun dezala finalerdia oso-osorik!

Ametsen, Odeiren eta Eneritzen kartzelako lanak ekarri ditugu. Hau zen gaia: Zure etxean zein da gauzarik baliosena? Eta honela erantzun zuen Ametsek: «Badut hartzño bat txikitan amak egin zidana opari/ badut baloi bat ene haurtzaroko amets handienen sari/ txapel bat ere irabazia eta maiz begira hari/ baina maitasun gehiena diot zein liburu ttiki, handi/ tximiniaren ondoan dagon ‘Odolaren Mintzo’ari».

«Mendi gaineko artzain etxola edota Euskal Herria/ edo Kennedy presidentari zein Alduderi jarria/gauero joaten naiz ni ohera ta zen malko iturria/begiak bildu baino lehenago itzultzen diot orria/ eta harritzen naiz nola den beti, zaharra baina berria», «Sentimendu bat nola litaikeen hain xehe hitzez emana/nik horri esker harilkatu dut artzain baten harremana /eta Xalbador da gure bertsu eta hitz guztien ama/eta pena bat dut ta izanen dut bizitza osoan barna/ Xalbador ene begi aurrean ezin ikusi izana».

Errealitatea abiaburu

Egiazkoa zela aitortu zuen Ametsek berak saioa bukatuta, eta gauza bera egin zuen Odei Barrosok, egiazko errealitatetik hitz egin, gai berarekin: «Bata da Sebas bestea Migel burua daukate hegan/dena nahi diegu eman/gure etxera etorri ziren aita ta amen aukeran/nahiz ta ez duten nere amaren bularretik inoiz edan/ibiltzen dira primeran/ orain hiru urte hartu genitun gure etxean harreran/ta haiek zenbat eman didaten ta zenbat eman diedan». «Nahiz ta askotan erran diedan mutik trankil egon zaite/nik zenbat ditudan maite/nere besoak zabaldu eta nik ez dut dudatzen bate/baina ikastolan zenbat guraso sentitzen dira aparte/integratuz bai jo ta ke/integratzeko beraien haurren klase kide diren arte/baina bederen gure etxean familia bat daukate», «Nahiz ta klasean ustez ez duten ukan behar den nibela/dira bi mutil bi perla/eta etxean horren zintzoki ikusten ditut horrela/nahiz ta giroa ez den izaten beti nahi bezain epela/ta gero sortzen den gerla/nere besotan hartu ohi ditut nere anaiak bezela/eta orduan konturatzen naiz merezi izan duela!».

Eneritzek ere egiaz hitz egin zuen, eta urte anitz kartzelan sartua den bere aita izan zuen aipagai, honakoa hirugarrena: «Bera etxean zegoelarik oraindik nitzen mutila/ baina geroztik pasatua da hemen momentu on pila/ hilabeteak hainbeste eta egunak bederen mila/ azken finean aitzina doa gure bizitzan gurpila/ egia hau da han egonen da nahiz eta jarri zurbila/ bera etxera heltzeko eguna oraino ez baita hurbila/ ta zorigaitzez ezin naizenez bakarrik joan bere bila/ gaur nire bertso saioa bere ziegara joan dadila!».
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo