KRONIKA I OROIMENAREN IZARREN AUTOBUSA
Saturrarango kartzelan gertatutakoa ahaztu eta errepikatu ez dadin
Frankismoaren biktimak milaka dira, horien artean, Saturrarango emakumeen kartzelako egoera tamalgarria pairatu zutenak. Gertatutakoa ez ahazteko eta ez errepikatzeko, atzo abiatu zen Oroimenaren Izarren autobusa Ondarroatik. Gaur Hernanin izango da, eta azaroaren 6an, Gernikan egingo du azken geldialdia.
Ane ARRUTI I
«Izar berri bat piztutzera doa Euskal Herriko zeru gainean», idatzi zuen Telesforo Monzonek eta ezagun egin zuten Pantxoa eta Peiok. Atzo, ordea, bat ez, hirurogei izarrek argitu zuten Ondarroako zeru goibela, Saturrarango kartzelan hildako haur bakoitzeko izar bana. Modu horretan eman zioten hasiera Oroimenaren Izarren autobusaren ibilbideari. Zahar eta gazte, guraso eta ume, Kafe Antzokia -eguraldiagatik bertan egin zen, Saturraranen beharrean- lehertzear bete zen mutrikuar eta ondarroarrez. Itxialdia jasan zuten presoen senideak, haiek laguntzera joaten ziren herritarrak eta Saturraran hondartza eder modura baino ezagutu ez duten gaztetxoak -baina gertatutakoaren berri izan dutenak eskolan-, guztiek egin zuten bat omenaldi honetan.
Mikel Ruedak zuzendu eta Barbara Goenaga protagonista duen «Izarren argia» filmaren harira sortu da ekimen hau. Hilaren 22an, datorren ostiralean estreinatuko da pelikula eta Saturrarango emakume eta haurren kartzelan, 1938. eta 1944. urteen artean, bertan izan zituzten presoek pairatutako egoera islatzen du. Izan ere, 4.000tik gora izan ziren handik pasatutako presoak eta 177 heriotza zenbatu zituzten, horietatik hirurogei inguru 0 eta 3 urte bitarteko haurrak.
Anita Morales preso ohiak pelikularako egindako elkarrizketetan esandako esaldi bat hartu du autobusak lematzat: «Ez negarrik egin, egin behar duzuena gu ez ahaztea da». Esaldi berean bi agindu: lehenengoa, betetzen nahikoa lan izan zuten atzo Ondarroara hurbildutako askok; bigarrena, berriz, datozen egunetan autobusak bete beharreko eginkizuna izango da.
Bi herri bat eginik
«Gehiago inun eta inola ez daitezela gertatu», abestu zuen Jon Arrizabalaga Botxe Ondarroako bertsolariak. Berak eta Liburio Urrutiak eman zioten kantuan hasiera omenaldiari, eta segidan, presoen senitartekoak igo ziren oholtzara, tartean, ume zirela kartzelan egondakoak ere bai batzuk. Ahots dardartiz eskertu zieten herritarrei urte haietan emandako laguntza. Hauek ere -zerrenda amaigabe bat- izan zuten euren tartea eta Kresala taldeko dantzari eta txistulariek aurreskua eskaini zieten.
Ondarroako historiazaleen elkartearen izenean, Mari Kruz Lekunberrik hartu zuen hitza ondoren, eta 4.000 preso haietatik, euskaldunak 200 baino ez zirela izan gogoratu zuen. «Orain egiten duten bezala, dispertsioa erabili zuten orduan ere». Vallejo Najera doktoreak lapurtu eta gerra hartako irabazleen bandoko familietan kokatutako haurrak ere gogoan izan zituen.
Baina belaunaldi berriek ere izan zuten euren tartea. Bost eskola eta ikastolatako haurrek, klasean gaia landu ostean, preso egondako fikziozko haur baten eskutitzari erantzun zioten. «Egun txarrak bukatuko dira eta elkarrekin jolastuko dugu», esan zioten Zaldupe eskola publikoko ikasleek.
Mutrikuko musika eskolako hiru ikasleren eskutik iritsitako doinu hunkigarriek, Kirmen Uriberi eman zioten lekukoa eta errusiar emakume baten testigantzaz osatutako «Requiem» poema irakurri zuen. Arantza Ibarrak, berriz, berak sortutako «Ilargia» sehaska kantua eskaini zien kartzelan izandako emakumeei, «non edo non bilatu behar izango zuten itxaropena».
Benito Lertxundiren «Loretxoa» eta Mikel Laboaren «Txoria txori» berrehun bat ahotsetara kantatuz eman zioten amaiera antzokiko omenaldi beroari. Handik autobusera abiatu ziren guztiak, hildako haurren izenez jantzitako hirurogei izarrak bertan itsastera. Eguraldi kaskarrari aurre eginez, gertakarien lekura, Saturraranera abiatu ziren ondoren, batzuk autobusean, beste batzuk oinez, inork ez zion uko egin nahi izan bukaeran parte hartzeari. Han, aurrez haurrek irakurritako eskutitzak, Uriberen poema eta Ibarraren kantuaren letrak, izar formako puxiketan lotu eta, irrintzi artean, aireratu zituzten.