GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Deportivori bisita

Larrialdi egoera Iruñera iristea eragotzi nahi dute

Gorritxoek azken sailkatuaren aurkako partida aprobetxatu nahi dute etxetik kanpoko bolada txarrari ahalik eta azkarren amaiera eman eta zulotik irteteko.

p046_f01_333x333.jpg

DEPORTIVO - OSASUNA

GARA |

Deportivo iazko ibilbide txarra luzatzen ari da eta horrek sailkapenaren azken postura eraman du talde galiziarra. Alarma guztiak piztuta daude Riazorren; tentsioa pil-pilean, aurkariei aukera ederra eskainiz. Asmo horrekin doa Osasuna: zuri-urdinen urduritasuna baliatu partida menderatzeko, eta, une egokian, zartada emateko. Eta hobe horrela egiten badu, alderantzizko kasuan larrialdi egoera Iruñera iritsiko baita.

Izan ere, gaur galduz gero, Osasuna Deportivoren beraren atzetik geratuko da sailkapenean. Eta gainerako emaitzen arabera, jaitsiera postuak ere ez lirateke oso urrun geratuko. Gorritxoen kontra, ordea, etxetik kanpo daramaten ibilbide eskasa dago: dituen bost puntuak Sadarren eskuratu ditu eta, aurreko denboraldia ere kontuan hartuta, hamaika dira guztira puntu bakarra lortu barik bisitari bezala jokatu dituen neurketak. Baikortasunari heldu nahi diotenek, berriz, aurkariari begiratzea besterik ez dute, Deportivok ez baitu oraindik garaipen bakar bat lortu, hiru porrot jarraian daramatza eta nafarren estatistika txarrena ere gainditu du: Osasunak lau gol sartu baditu, Miguel Angel Lotinaren taldeak hiru besterik ezin izan ditu ospatu. Jasotakoen kopuruak zenbakia laukoizten du, hauetako dozena erdia azken jardunaldian heldu zitzaizkiolarik.

Aldaketak

Golen kezka bikoiztuko da gaur, hala ere, iruindarrentzat, Walter Pandianik ezin izan baitu Galiziara bidaiatu. Alternatibari buruzko arrasto gehiegirik eman ez duen arren, badirudi Jose Antonio Camachok Dejan Lekic kokatuko duela puntan, bere atzetik zelai-erdia indartuz, Vadoczek, Sorianok eta Camuñasek osatutako lerroarekin.

Hauen atzetik helduko da eguneko bigarren aldaketa, Nekounamek Patxi Puñal zigortuaren hutsunea beteko baitu. Camachok, berriz, ez du defentsa ukituko, osatu berri den Lolok eta bere arazo fisikoak guztiz gainditu ez dituen Sergiok ez baitute hasieratik jokatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo