GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Bilboko dantzaren «sukarrak», bost urte bete, eta The Charlatans taldearekin ospatuko ditu

Boluetako Santana 27ko aretoa lau dantzalekutan banatzen du Feverrek asteburuero. Black, Gold, Pink eta Blue musika-jartzaileei bidea egiten dieten dantza guneek, bost urte bete, eta Madchester soinua dakarte.

p046_f02_148x84.jpg

A. BILBAO | BILBO

90eko hamarkadan West Midlands-en sortuak, britainiar talde esanguratsua izan da The Charlatans (AEBetan bada izen bereko talde zaharrago bat ere), eta arreta lortu zuten «Indian Rope» singlearekin -beren zigilu propioan emana-, Madchester mugimenduan murgilduta, Stone Roses edo Happy Mondaysekin batera.

«Some Friendly» diskoarekin egin zuten debuta, orain hogei urte, eta «You Cross My Path» zuten azkena, orain bi urtekoa. Tartean, baita beste asko ere Beggars Banquet zigiluan, 1997ko «Tellin' Stories» interesgarria, esaterako. Eta hamarkada berrian sartzear garen honetan, «Who We Touch!» plazaratzear dira, dagoeneko zuzenean aurkezten duten lan berria.

Tim Burgess abeslari duen taldea Bilbon izango da bihar, Boluetako Santana 27an jaigune indartsua den Feverren bosgarren urtemugan. Gero, Valladolidetik pasa ostean, Japoniara joko du The Charlatans taldeak, azaro bukaeran Tokion jotzeko.

Goizaldera arte

Britainiarrekin batera, Hola a Todo el Mundo neofolk taldea izango da oholtzan, musika aldizkari modernoetan puri-purian dagoena. 2006an Madrilen sortua, sei neska-mutilek osatzen dute taldea eta «A movement between these two» izeneko diskoa plazaratu zuten joan den martxoan.

Zuzenekoaren ondoren gainera, eta Feverren ohi duten legez, goizaldera arte jarraituko du festa giroak, espazioa lautan banatu eta dantzatoki bihurtu ostean. Gauerditik aurrera, Cookin´ Soul arduratuko da Fever beltzaz; We Are Standard taldeko abeslari Deu, urrezko Feverreko platerez; Aviador deluxe eta Jette Mansfield, Fever larrosaz; eta Ewan Pearson, urdinaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo