Muturreko eskuina AEBetan... eta Europan
AEBetako errepublikanoek, Ordezkarien Ganberaren kontrola eskuratuta, beren susperraldia egiaztatu ondoren, herrialde hartako politika erabakitzeko moduan ez badaude ere, hura baldintzatzeko euskarria badute. Uste izatekoa da, beraz, datozen bi urteotan demokraten eta errepublikanoen arteko bizikidetzan lehia eta elkarren kontrako oztopatzeak nagusituko direla, nola barne gaietan -osasun sistemaren erreforma errepublikanoen jomuga izango da- hala kanpo politikan ere -misilen kontrako ezkutua, arma nuklearren murrizketa...- eragina izango duela. Kontuan izan behar da, gainera, errepublikanoen susperraldian muturreko kontserbadoreak biltzen dituen Tea Partyk izan duen paper garrantzitsua, epe ertainera errepublikanoentzat beraientzat ere oztopo bihur litekeen arren, azken hauteskundeotan indartuta atera baita. Horiek horrela, AEBetatik kanpo ez bide dira gutxi haren gorakada arrisku gisa sumatzen dutenak. Nolanahi ere, AEBetan ikusten den arrisku hori Europan ez da atzo goizekoa. AEBetako muturreko eskuindarren lehengusu txiki europarrak aspaldikoak dira, eta ez ziren atseden hartzeko bakarrik iritsi, bertan geratzeko baizik. Nabarmena da horien goranzko joera Italian, Suedian, Austrian eta beste hainbat herrialdetan, eta nabarmena haien eragina Europako estatuetako politiketan.