GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Josebe Blanco. Gasteiz

Gasteizen euskaraz jolasteko aukera oparitu nahi diegu

Orain dela hiru urte, alaba jaio zenean, ezin genuen imajinatu sozializazioa hain zaila izango zenik, inondik ere. Ez, gure alabak ez du arazorik ez komunikatzeko ez jolasteko... gure alaba euskaldun elebakarra da. Beste lekuetan ez dakit, baina Gasteizen horrek sozializazio prozesua konplikatu dezake, ume euskaldunik ezagutzen ez baduzu. Norekin jolastuko da umea inguruan inor(k) ulertzen ez badu? Guk zorte handia izan dugu eta auzoan bi haur euskaldun topatu genituen jolastokian.

Alaba ikastolan hasi berria da, D ereduan hain zuzen, eta gure zorterako gela berean beste bi ume euskaldun daude. Besteen esperientziekin alderatuta, pagotxa gurea! Irakasleaz gain, alaba beste norbaitekin komunikatu ahal izango da! Eskolan ezagutu ditugun guraso euskaldunek gure kezka bera dute. Beraientzat ere, kalean, parkeetan... adin bereko ume euskaldunak ezagutzea oso zaila da. Arratsaldeetan parkean jolasteko bada ere. Eta neure buruari honako hau galdetu diot nik: zergatik ez bildu irla isolatu hauek artxipelago bat eratzeko? Hauxe da nire helburua.

Kontua da Gasteizen irla euskaldun asko garela. Bil gaitezen gure umeek euren ama hizkuntzan jolasteko aukera izan dezaten. Osa dezagun artxipelago euskalduna! Lehendabiziko asmoa eta urratsa gure ekimena ahoz aho zabaltzea da, eta horregatik jo dut zuengana. Zuk, irakurle, agian ez duzu behar; baina behar hori daukan baten bat ezagutzen baduzu, esaiozu, zabaldu zure inguruan.

Bihar, azaroaren 6an, arratsaldeko bostetan, Gaztetxe parean dagoen parketxoan. Beharbada, bertaratu nahi duten guztiak ezin izango dira joan. Lasai, lehen egun horretarako eginkizuna geure artean antolatzea da; bai auzoka, bai ordutegika, bai adinka... eta sare bat eratzea. Hau aurrera eraman ahal izateko, helbide elektroniko bat sortu dut: amahizkuntza@gmail.com

Egia esateko, honek guztiak beldurtzen nau. Eta inor agertzen ez bada? Ba, irlen bizimodua gustuko dugula esan nahiko du... Tira, gu bertan izango gara eta beste bizpahiru familia gutxienez ere bai... Beldur hori baino handiagoa delako etorkizunean eman beharko nukeen azalpenaren mamua. Nola esan alabari berak giro euskalduna izateko ez nuela ezertxo ere egin?

Geure umeei euskaraz bizitzeko aukera oparitu nahi diegulako, bil gaitezen bihar!

Mila esker. Elkar ikusiko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo