GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasle abertzale oldea izango da Amurrion, bestelako hezkuntza eredu baten alde

Dena prest dute Amurrion aurtengo Ikasle Egunerako. Asteazkenaz geroztik, prestaketa lanetan aritu dira jo eta su antolatzaileak, eta egun osoko eskaintza zabala osatu dute biharko.
p014_f02_097x124.jpg

GARA | GASTEIZ

Amurrio prest dago bihar ikasle uholdea jasotzeko. Aurtengo Ikasle Egunaren inguruan mintzatu zen atzo Info 7 irratian Haizea Solagurenbeaskoaga, Ikasle Abertzaleen izenean. Bihar milaka gazte hartuko dituen ekitaldirako prestaketa eta muntatze lanak asteazkenean hasi zituzten Arabako herrian.

Egun osoko programa atondu dute Ikasle Abertzaleek. Goizeko 10.30ean emango diote hasiera egunari; Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko gunea herriko parkean jarri dute. Bertan, umeentzako jolasak eta tailerrak izango dira, besteak beste, eta Porrotx pailazoak ikasle txintxoei «marrubizko muxuak» emango dizkie. 14.30ean 400 lagunentzako bazkaria izango da udaletxeko plazan; Amurrioko kaleetan zehar, jakina, kale animazioa izango da nagusi.

«Ikasleei erasorik ez. Hezkuntza Sistema Nazionala» lelopean manifestazio nazionala abiatuko da 17.30ean. Leloa «sinplea» izan daitekeen arren, Haizea Solagurenbeaskoagak azaldu zuenez, «esanahi handikoa da». «Egun jasaten ditugun erasoak salatu eta gure aldarria dena -Hezkuntza Sistema Nazionala- ozen oihukatuko dugu», nabarmendu zuen IAko kideak.

Manifestazioaren osteko ekitaldia bukatutakoan, Refor zonaldean, egundoko musika eskaintza izango da. Habeas Corpus, Doctor Deseo, La Pulqueria, Ze Esatek! eta Goseren kontzertuek alaituko dute gau partea.

Euskal gazteriaren kontrako azken sarekada dela-eta, «hurbiletik» bizi izan dutela esan zuen Solagurenbeaskoagak. Bozeramaile, kide eta lagun duten Ikoitz Arrese atxilotu baitzuten.

Bestalde, LAB, Sortzen-Ikasbatuaz eta EHBEk bat egin dute ikasturte hasieran Ikasle Abertzaleek beste hainbat eragilerekin aurkeztu zuten manifestuarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo