Kronika | Demoen azken ekintza
Lapurdiko Biltzarraren aktak, euskal hautetsien esku berriro
2000ko ekainean 1789ko Lapurdiko Biltzarraren deliberoen erregistroak Paueko artxibategitik hartu zituen Demo mugimenduak. Dominique Joseph Garate irudikatuz, demoen ordezkari batek Christine Bessonart auzapezari eman zizkion agiriok atzo, Senperen.
Ainize BUTRON
Demokrazia Euskal Herriarentzat (Demo) mugimenduko kideek 2000. urtean Paueko artxibategitik hartu eta Euskal Herrira ekarri zuten 1789ko Lapurdiko auzapezen Biltzarreko deliberoen erregistroa. Hamar urteren ostean, joan den ekainean jakinarazi zuten agiri horiek itzultzeko asmoa zutela. Geroztik, jakin-min handia piztua zen horren inguruan, noiz eta nola eginen zuten, bereziki, gaur arratsaldean Baionan ireki berri den artxibategiaren ate irekitzeetan parte hartzekotan ziren agintari politiko eta arduradunen artean.
Demo mugimenduko kideek urteetako borrokaren ildoari eustea erabaki dute beraien azkeneko ekintza gauzatzeko, eta, ustekabean, «berezko instituzio baten sorreraren lehen aldarrikapena luzatzen duen» bi liburuz osaturiko erregistroa Senpereko Herriko Etxean itzuli zuten atzo.
Christine Bessonartek, 1995ean berpiztu den Auzapezen Biltzarreko lehendakari eta Senpereko alkateak ukan zuen duela 221 urteko liburu horiek eskutan hartzeko «ohorea».
Sauveur Bacho eta Gracie Florence -Arberatzeko eta Ezpeletako alkateak hurrenez hurren- alboan zituela, antzerki-zeremonia tankerako ekitaldian, Bessonartek Dominique Joseph Garat izan zuen parez pare, 1789an diputatu izandakoa eta Ipar Euskal Herriarentzat berezko instituzio bat aldarrikatu zuen lehen pertsona.
Izan ere, 2000ko ekainean Joseph Garateren izenpean hartu zuten Demoek liburua Pauen, eta, atzo, «ilobitik aterarazi» eta Senpereko Herriko Etxera hurbildu zuten. «Zer sinboloa hemen egitea, Senpereko Herriko Etxean, gaur egungo Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko lehendakariaren aitzinean! Herriak, gaur egun duela 221 urte bezala, aldarrikatzen duen instuzioaren hazia baita Euskal Herriko auzapezen biltzarra», bota zuen.
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako artxiboak biltzen dituen artxibategiak ateak zabaldu berri dituelarik, egitura horren eta departamenduaren sorrera beraien bi aldarrikapen nagusienetarikoak izan zirela gogorarazi zuten demoek eta, horrenbestez, garaipentzat jo zuten atzoko ekimena.
«Erabakigarria»
Christine Bessonart auzapezari dagokio orain, liburu horiek artxibategira eramatea. Hori egin aurretik, Demoen borrokaren garrantzia goraipatzeaz gain, liburuak berari emateak harro sentiarazi zuela nabarmendu zuen auzapezak.
Bessonartek egun ere instituzio propioaren aldarrikapenak bizirik jarraitzen duela adierazi zuen, eta ondoko «urteak erabakigarriak» izango direla.
«Bere garaian Lapurdiko Auzapezen Biltzarrak zituen heineko eskumen zabalak eskatzen ditugu gaur egun ere. Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseiluarekin biharko instituzioaren inguruko gogoeta egiten ari gara», nabarmendu zuen.
Halere, Bessonartek aitortu zuen gaur eginen den estreinaldirako gomitarik ez zuela jaso, eta, liburuak Baionako artxibategian noiz utziko zituen galdetu ziotelarik, «ez dut bihar [gaur] eramanen ez bainaiz gomitatua izan», erantzun zuen. «Eta, tartean gomitatzen banaute ere, ez naiz joanen», gehitu zuen. Eskaintza aurreskua dantzatuz bukatu zuten demoek.