Abortatzeko eskubidea kolokan dela salatu dute elkarteek
A.B.
Planning Familial elkarteak abortuaren legeak finkatuak dituen arauak gauzatu ahal izateko frantses Gobernuak «baliabideak» ez dituela ematen salatu zuen duela gutxi, eta, «abortatzeko eskubidea babesteko» manifestaldi bat antolatu dute biharko Parisen.
Elkartea erietxe eta eskoletako praktikek kezkatzen dute bereziki: abortatzeko hamalau asteko epea ez errespetatzea, eskoletan egitekoak ziren sexualitateari buruzko heziketa saioak ez egitea, eta abortua praktikatzen duten osasun zentroen murrizketak.
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoari dagokienez, Mauleko eta Baionako erietxeetan egiten dira abortuak. 2008an 528 egin zituzten, eta, 2009an, berriz, 614.
«Abortua egitea ez da nahikoa ordaindua, orduan sendagile askok ez dute egin nahi. Gainera, orain arte praktikatzen zituztenen batez besteko adina 60 bat urtekoa da», argitu zuen Maria Jose Arana elkarteko kideak. Gainera, azkeneko legeen ondorioz, erietxeekin hitzartutako sendagileek abortoak egin ditzaketela onartua bada ere, Biarrizko bakar batek izenpetua du hitzarmena. «Klinika pribatuetan errentagarritasunaren izenean ez dituzte abortuak egiten, eta, beste erietxe batzuetan kuotak finkatzen dituzte. Zenbaitetan hamabost egun itxaron beharra dute abortua egin ahal izateko», gehitu zuen.
%40k, bizitzan behin
Planning Familial elkarteak plazaratu dituen datuen arabera, emakumeen %40k abortatzen dute bizitzan behin bederen. «Estatu frantsesean 200.000 abortu egiten dira urtero, eta horietan %72 kontrazepzioarekin arazo bat izateagatik egin dute», gehitu zuen Michele Berthier elkarteko kideak.
Emakumeak abortua egiteko atzerrira joan behar izatea eta ustez lortutako eskubidea defenditu behar izatea salatu zuen elkarteak. Baionako erietxearekin elkartzekotan dira.