GARA > Idatzia > Mundua

Kurdistan Askatzeko Belatzek beren gain hartu dute Istanbulgo atentatua

Joan den igandean Istanbulgo Taksim plazan 33 zauritu eragin zituen atentatua bere gain hartu zuen Kurdistan Askatzeko Belatzak (TAK) taldeak, bere web orrian plazaratutako agirian. PKKren jarduera eta indarrean duen su-etena ez duela onartzen adierazi zuen TAKek.

GARA

Kurdistan Askatzeko Belatzak (TAK) talde armatuak bere gain hartu zuen atzo igandean Istanbulgo Taksim plazan 23 pertsona zauritu zituen atentatua, bere web orrialdean eskegitako komunikatu batean, «mendekua» izan zela nabarmenduta.

«Turkiako Estatu faxistaren Poliziaren aurka erabat planifikaturiko ekintza izan zen, gure komandanteetako batek, Vedat Acar-ek, buruturikoa», adierazi zuen TAKek. Halaber, Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK) indarrean duen su-etena ez duela onartzen gaineratu zuen.

«PKKren erabakia ez dator bat gurekin, guk ez dugu su-etenik aldarrikatu. [Ankarako indarren aurka] borrokatzeko dugun grinak tinko dirau», nabarmendu zuten Kurdistan Askatzeko Belatzek, eta, ildo horretatik, Turkiako Estatuak kurduen aurkako jazarpenari eusten badio, gisa horretako eraso gehiago egingo dituela gaineratu zuten.

TAKek Istanbulen izandako beste atentatu batzuk ere bere gain hartu ditu lehenago ere. Azkena ekainaren 22an jazo zen; Istanbulgo auzo batean jarritako bonba bat militarren autobus baten kontra lehertu zen eta sei soldadu hil ziren.

Talde kurdu honek nabarmendu zuenez, igandeko atentatuaren helburua poliziak ziren eta ez zibilak.

Turkiako agintarien arabera, TAK PKKren «goitizena» baino ez da, biztanleen haserrea piztu dezaketen atentatuak bere gain hartzeko erabiltzen duena.

PKKren esanetan, ordea, TAKeko kideak kontrolik gabe aritzen diren gerrillariak dira, talde nagusitik aldendutakoak.

Kamikazeak Taksim plazan -Istanbulgo zati europarraren erdigunean dago- zartarazi zuen soinean zuen lehergailua, bertan izaten diren polizietako batzuengana iritsitakoan. Leherketa Poliziaren autobus batera igotzeko ahalegina egin zuenean jazo zen.

Turkiako agintariek esan zutenez, eztanda eragin zuen erasotzaile suizida duela 26 urte Ankararen aurka matxinatu zen PKK-ko kidea zen.

Joan den igandean bertan, atentatuarekin zerikusirik ez zuela esan zuen PKK-k, CNN telebistari egindako adierazpenetan. Taksimgo atentatuak 15 polizia eta 17 zibil zauritu zituen. Astelehenean, berriz, abuztuan deitutako su-etena datozen hauteskunde parlamentarioetara arte -ustez, ekainean egingo dira- luzatu zuen.

Hain zuzen, atentatua gertatu zen eguna, igandea, zen PKK-k deitutako su-etenaren mugaeguna.

Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren Gobernua PKKko kideek armak utz ditzaten lanean ari da azkenaldian.

iran

Komala ezkerreko talde armatu kurduko kideak izatea leporatuta, lau britainiar atxilotu ditu Irango Poliziak Marivan hirian, Teheranen kontrolpean dagoen Ekialdeko Kurdistanen. Azken bi urteotan bost lagun atzematea egozten diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo