Agilera
Yachviliren puntuek ez dute irabazteko balio izan
Jaurtitzaileak lortu zituen euskaldunen puntu guztiak, Briveren aurkakoan.
BIARRITZ 17
BRIVE 17
Jon LEUN DA
Yachviliren puntuek ez zuten balio izan Biarritzek garaipena erdiesteko, eta puntu berdinketarekin amaitu zuten norgehiagoka. Partidaren bilakaerari so eginda, horixe izan zen emaitzarik justuena.
Izan ere, partida oso gaizki hasi zen etxekoentzat: Teuletek bi zigor gauzatu ostean, 0-6koa erakutsi zuen markagailuak. Orduan hasi zen Yachviliren erakustaldia, Biarritzen entsegu bakarra lortuz. Markagailua estutu zuen Biarritzek, eta puntu batera jarri zen, baina kanpotarrek, beste zigor bat gauzatu, eta tartea handiagotu zuten.
Hortik aitzinera Biarritz izan zen nagusi. Yachvilik, lau zigor-kolpe gauzatu, eta partida euskaldunen alde jartzea lortu zuen, nahiz eta tartean kanpotarrek entsegu bat ere lortu zuten.
Azken minutuetan, ordea, zuri-gorriek atzera egin zituzten urratsak, eta baloiaren jabetza kanpotarrei utzi zieten. Haiek ez zuten aukera alferrik galdu. Etxekoak ongi aritu ziren atzeko lana egiteko garaian, baina neurketa amaitzeko minutu bat besterik falta ez zenean, Biarritzek zigor bat egin zuen eta Brivek, arriskatu, eta baloia langetara jaurti zuen. Baita asmatu ere, azkenean berdinketa lortzeko balio izan zion puntu kopurua batuz.
Orain Ligak hiru asteko atsedena hartuko du, selekzioen txanda izango baita. Tarte horretan taldeek ezingo dute nahi duten lana egin, nor bere selekzioarekin bildutako jokalari ugari faltako baitituzte.