Pello ZABALA Eguraldian aditua
Negu bidean
Kardaberazek «Euskeraren Berri Onak» lanean esana ezaguna suertatu da: «Urteko illen erdiak izen bana, besteak biña, ta iruna dute.... 11. Azaroa, Azilla, Zemendilla».
Europako hiztun askoren-tzat, «Bederatzigarren» hilabetea ei da: hala gaztelaniaz eta frantsesez, nola ingelesez eta germanieraz ere. Bakarrarekin nahikoa dute. Euskaldunok ez genion arretarik eman zenbatgarrenari; baina, bai, baserriko eta landako zereginari. Negu bidean, haziak ereiteko aroa genuen. Beraz... `Hazaro', edo `azaro' deituko zioten batean; haziaren aroa dela, alegia, oraingoxea, hazia ereitekoa. `Hazil' nahiz `azilla' ere bai: hazien hila, lur onduaren erraietan neguz ernal dadin eta udaberriz ernamuindu, hartarako hazia uzteko sasoia, noski. `Azaro ona' ziotsaten, alegia, hazia ereiteko giro egokia zenean.
Baita `Zemendia' ere. Sementis, latinak, hazia besoa zabalduz puurrra botatzeko keinu eta lanari nahiz aroari deitzen zion. Jakina, horren aurretik, ikuilu bazterreko sitsak eta simaurrak ere, han zabal-tzen ziren soroetan, lurra ongarrituz. Ongarri horri ere deitu zitzaion azken boladako latinean. Ez dago pauso handirik sementis-etik `Zemendia'ra, Oñatin `Semendi', eta beste inon darabilten `Zemendilla' hitz polit egokira ere.
Bada, ordea, besterik ere gure herri zabal honen hainbat bazterretan. `Lastahila', `lastail', `lasteil' deitu diote, Nafarroa altu nahiz zabalean. Jakina, batek esango du, `lastail' joan den hilabeteari ere deitu zi- tzaiola. Noski, `urria' eta `urrilla' bezalatsu, zenbatgarrenari baino zereginari begiratu baitzaio baserritik. Hala zioen Orixek bere «Euskaldunak» ederrean: «Lasta-illaren azken-aldera», 11. hila adierazteko.
Baita `Gorotzila' ere. Zemendi, ongarriaren sasoi, gorotzaren aldi esan nahiko luke, soroko lurrari ere zegokion ongarria partitzen zi-tzaioneko aroa. Garai eta aldi hori ez baitzuen egutegiko zenbakiak seinalatzen, eta bai eguzki-ilargiek zekarten aroak. Inork zalantzarik balu, begira 1962an Arantzazuko Egutegian agertua: «Gorotzilla: hitzak berak dio garbi asko: gorotza barrutieri banatzeko ila, alegia».
Eta, neguak sudur-puntta azaltzen bazuen, hotzik eta elurrik ekarriz ere, `Lehen-abendua' deituko zioten eskualde batzuetan. Beste- tzuetan, Bizkai aldetik-eta, `Abendu-txikerra', gero datorren `Abendu-abendua'ren entsegu txiker bat delako.