GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

«Itineris Apur BAD» uretan murgildu zenekoa

Interesgarria oso, atzo Bilboko BAD jaialdiak hiru txandatan proposatu zigun «Itineris apur BAD» bidaia. Atxuriko geltokian hasi eta Abandoibarra gune berriko Melia hotelean bukatu; tranbian bertan, hoteleko igogailu, gela zein igerilekuan dantza zipriztin freskoak eskainita.

p048_f01_97x196.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Bilboko BAD, antzerki eta dantza garaikidea jorratzen dituen jaialdia, berritzailea bada, atzo jorratu zuten «Itineris apur BAD» interesgarri eta originala goraipatzea besterik ez dugu. Hiru txandatan, 50 lagunentzako dantza bidaia proposatu zuten bertan, Atxuriko geltokian hasi eta Melia hotelean bukatu zena.

Ibilbidean bost pieza artistiko ezagutzeko aukera izan zuen bidaiariak -site specific-. Lehena tranbian bertan gauzatu zen, Ismael Iglesias artista plastikoaren eskutik (koloredun biniloekin egin dituen instalazioek egin dute ezagun). Bigarren pieza artistikoa «etorkizuneko balleta» izendatu dute eta hoteleko harreran zein igogailuetan dantzatzeko prestaturiko pieza bat da, Ana de Vicente eta Marianela Leonek eman zutena, gizaki eta makinen arteko harremana nabarmenduz.

Behin hoteleko hirugarren solairura helduta, suite batera jo, eta hirugarren proposamenaren berri izan zuten bertaratutako guztiek, Raquel Sanchez, Monica Valenciano eta Sara Paniaguak eskainia.

Eta freskatzeko, azkenaurreko pieza ederra suertatu zen, «Vibraciones», Victoria Alvarez dantzan eta Gustavo Gorosito prestaketetan zirela. Muntaia hoteleko igerilekuan, ur ertzean eta urpean murgilduta eman zuten, gauarekin bat egin zuen argiztapen berezi baten laguntzarekin. Guztia gutxi balitz, Igor de la Quadra eta Matxalen de Pedroren antzerki fisikoarekin bukatu zuten txangoa, hoteleko sukalde eta aparkalekuan barrena.

Aste bukaera

BAD jaialdiak asteburu honetan itxiko ditu ateak. Gaur, eta Hika Ateneoko Eszenarekin, Hitzorduak zikloan parte hartuko dute Amaia Urra eta Victoria Perezek, 16.30etik aurrera. Gune berean eta gaueko 22.00etan, sortzaileen arteko trukaketa gauzatuko da Show Gelan, Dakumene eta Sara Paniaguaren partaidetzarekin. Gainera, Berreginen Museoan eta Badzinemaren barruan, Thierry de Meyren «One Flag Thing, Reproduced» botako dute 17.00etan. Jardunak Carla Fernandezen «Barbara Humana con Cola» performancea (19.30ean, Campos antzokian -estreinaldia Estatuan-) eta Loscorderos Sc taldearen «El mal menor» antzerki fisikoa ere jasoko ditu (21.00etan, BBK aretoan -estreinaldia Euskal Herrian-).

Bihar berriz, Hierba Rojaren «Hasiera. El principio de la incertidumbre» lanarekin hasiko da azken jarduna (19.30ean, BBK aretoan). Dantza garaikidea jorratzen du ikuskizunak eta Bernardo Atxagaren testuak ditu ardatz. 21.00etan, La Haceria aretoan «¿Pau/paz?» satira jorratuko du La Quadra Magicak eta, La Merced ikastetxean, 21.30ean, Ion Munduatek «Sin titulo. En colores» dantza ikuskizunaren erabateko estreinaldia gauzatuko du. Aurtengoz BAD jaialdiari bukaera emateko, Hika Ateneoko Show Gelan Ozenik eta Claro de Luna sortzaileen arteko trukaketa izango da, gaueko hamarretatik gauerdira arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo