GARA > Idatzia > Kultura

«Amaia Lapitz» abentura sail berriari ekin dio Katixa Agirrek

«Amaia Lapitz eta erregina gorriaren hilobia» (Elkar) kaleratu du Katixa Agirrek, gazteei zuzendutako «Amaia Lapitz» bilduma berriaren lehen alea. Amaia neskatoak bere amarekin Mexikora egiten duen bidaiarekin abiatzen da abentura eta intriga bilduko dituen sorta berri hau.
p043_f01_47X114.jpg

Julene LARRAÑAGA | BILBO

Bidaiatzea maite du Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981). Mexikora egin zuen bidaian otu zitzaion liburu berri bat idazteko ideia, bertako kulturak txundituta. Mexikoko lurretan barrena bizitakoa «literarioki amortizatu beharra neukan», adierazi zuen gasteiztarrak. Atzo aurkeztu zuen Agirrek bidaia horretan ereindako haziak emandako fruitua: «Amaia Lapitz eta erregina gorriaren hilobia», Elkarrek sortu duen «Amaia Lapitz» bildumaren lehen alea, 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendua.

Liburuko protagonista Amaia neskatila da. Hasieran ez du amarekin Mexikora joateko gogorik izango, nahiago izango baitu lagunekin Irlandara joan. Baina berehala ohartuko da Mexikok sorpresa ugari ezkutatzen dituela eta bertan biziko ditu inoiz bizi izan ez dituen abenturak.

Maien kulturan barrena

Kontakizunean zehar protagonista Chiapasen, eta bereziki maien kulturan eta zapatisten inguruan barneratzen doa. Agirreren esanetan, «narratiboki oso istorio klasikoa da honakoa, baina era berean gaurkotasuna duena. Izan ere -gaineratu zuen Agirrek- Chiapas beti egon da zapatisten mugimenduarekin oso lotuta. Ez garai batean soilik, gaur egun ere indigenen arazoak oso presente daude bertako kulturan, eta errealitate hori islatu nahi izan dut liburuan», adierazi zuen gasteiztarrak.

Abentura da liburuaren osagai nagusia, baina ez bakarra: amodio kontuek eta norbere identitatearen gaineko hausnarketek ere badute lekurik; izan ere, Amaiak ama dauka, baina aitaren figura ilunpean dago. Poliki-poliki deskubritzen joango da bere aitaren inguruan dagoen misterioa.

Liburuak XIX. mendeko ikerlari batzuen kontaketak biltzen ditu, idazlearen dokumentazio lanaren emaitza direnak. Izan ere, garai horretan Europako hainbat ikerlari ordura arte ezezaguna zen maien zibilizazioa ikertzen hasi ziren. Historiako pasarte horiek liburuan barneratzea interesgarria iruditu zitzaion Agirreri, hartara, «ikuspuntu historiko bat hartzen du kontakizunak», esan zuen Agirrek.

«Amaia Lapitz eta erregina gorriaren hilobia» liburuak hasiera ematen dio, beraz, Elkarrek gazteentzat sortu duen «Amaia Lapitz» bildumari. Xabier Mendiguren idazle eta editoreak adierazi zuenez, «lan hau beste bilduma batean sartu ordez, berezko izaera ematea erabaki genuen». Beraz, hemendik aurrera ere izango dugu Amaiaren berri, Agirreren esanetan, «aurki izango da hori, eta ziurrenik, munduko beste txokoren batetik», jakinarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo