Larraitz Ugarte Abokatu eta Bilgune Feministako kidea
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko legeak
Iritsi da aurtengoan ere azaroaren 25a, urtero emakumeon aurkako indarkeriaren kontra borrokatzeko eguna. Indarkeria honek eragiten duen guztia eta indarkeriaren zergatiak azaleratzeko hedabideek tokitxoa uzten diguten eguna. Urteko gainontzeko egunetan zifra hotzak baino ez. Euskal Herrian x emakume hil dira, ez dakit zenbat mila salaketa jarri dira, ez dakit zenbat babes agindu eman dira... eta mugimendu feminista, bere bakardadean, genero indarkeria honek egungo gizarte ereduari erantzuten diola oihukatuz, ez dela hegoamerikar haren basakeria, gazte horren harrokeria edo zahar haren pilula gehiegikeria soila, ezetz, fenomenoa hori baino konplexuagoa dela, eta beraz, erantzunak eta batik bat konponbideak konplexuagoa behar duela izan aldarrikatuz. Bakarrik, hurrengo azaroaren 25ean instituzioak berriro argazkira ateratzen diren arte, indarkeriaren aurkako pankartaren baten atzean, «eta begira zer egin dugun, lege bat eta guzti egin dugu» esanez..
Estatu espainolean emakumeon aurkako indarkeriari aurre egiteko 1/2004 lege integrala martxan jarri zenetik sei urte pasa diren honetan eta nire lanagatik lege horren inplikazio eta aplikazioen erabiltzaile naizen aldetik, hausnarketa batzuk egin nahi nituzke emakumeok eta jendartea orokorrean gogoetara bultzatzeko asmoz. Oso sentsazio partikularrak dira agian, ez dutenak teoria handi eta orokortzaile bilakatu nahi, baina ikusten ari naizena partekatzeak bizi dugun errealitatearen argazki fidel bat ematea ahalbidetu dezakeelakoan zintzotasun osoz idatzi nahi dut.
Legearen planteamendua, bikote barruko indarkeriaz bakarrik arduratzea oso kritikagarria izanik ere, zuzena da puntu batean: emakumeon aurkako indarkeria amaitzeko beharrezkoa da plan integral bat, hau da, eremu ezberdinetan aldaketak egon behar dira, jendartea aldatzeak eta gizon eta emakumeen arteko harremanak berdintasunez garatzeak ekarriko baitu arlo honetan ere egiturazko aldaketa (hau da, indarkeria mota hau portzentaje garrantzitsu batean gutxitzea).
Horretarako, hezkuntzan, hedabideetan, publizitatean, osasunean eta justizian, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako kultura hedatu, indarkeria ekidin eta biktimak babestu eta zaintzeko arau sorta bat jartzen da, egungo legeak aldatzen dituzten arauak. Ez dakit zuek baina nik oraindik publizitate erabat sexista baino ez dut ikusten, eta hezkuntza parekidearen aldeko apustua urteko hitzaldi pare batera baino mugatzen ez delako susmo sendoa daukat.
Eta azkenik, zigor kodean aldaketak indarkeria erabili duenarentzat eta babesa biktimarentzat, baita emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegi espezifikoen sorrera ere. Eta horretarako, osasun arloan eta poliziaren eremuan bai, hor ikusi ditut protokoloak, genero indarkeria kasuak detektatzeko eta auzia justiziaren esku uzteko. Emakume batek antsietate atake batek jota edota lesioren bat izateagatik larrialdiko mediku zerbitzuren bat erabiliz gero, protokoloa martxan jartzen da, eta epaitegiek medikuen susmoengatik prozedura bat abian jarriko dute. Berdin poliziarengana jo eta bikoteak edo bikote ohiak eraso egin digula edo «behinola puta deitu zidan» esaten badugu.
Protokoloa martxan jartzen da eta hori ia-ia geraezina da. Emakume biktimarekin hitz egiterakoan maiz «nik bakean utz nazala baino ez dut nahi, horregatik joan naiz salaketa polizia etxean jartzera, ez nekien hau guztia martxan jarriko zenik» edota «zauriak sendatu baino ez nuen nahi» esaten dizu. Baina emakumeak ez du jada botererik prozesua geldiarazteko erasotzailea bikote ohia bada (egia esatera behartuta dago), eta oraindik bikotea bada, erabaki dezake isilik gelditzea, baina prozesua geratzea ez dago ziurtatua.
Emakumea, beste behin, ez da bere etorkizunaren protagonista, biktima pasibo bat baino ez da: estatuaren tutelak erabakiko du zer komeni zaion. Emakumeari zer komeni zaio? Indarkeria egoera amaitzea eta horretarako beharrezko baliabideak eskura izatea, zeintzuk erabili berak erabakitzeko. Estatuari zer komeni zaio? Indarkeria egileak, erasotzaileak zigortzea estatistikak sendotzeko eta bere irudia zuritzeko. Emakumeak babesten al dira? Argi geratzen ari da ezetz.
Hildakoen zenbakiak hor daude, beldurrez bizi diren emakumeen zenbakiak ez dakizkigu eta seguruenez imajinatzen ditugunak baino askoz altuagoak dira, eta bitartean, epaitegiak tontakeriengatik kolapsatuta daude. Bai, hau ere esan behar da: legeak laguntza ekonomikoak, etxebizitza aldetikoak, lanpostu-aldaketa aukerak eta beste hainbat laguntza aurreikusten ditu. Esaterako, emakume batek bere bikotearen aurka salaketa jarri eta babes agindu bat eskatzen badu, hurrengo egunean aukera izango du behin-behineko neurri batzuk lortzeko babes agindua ematen bazaio: erasotzailea urrun mantendu eta ez komunikatzea batetik, baina izaera zibileko behin-behineko neurriak ere bai (umeen zaintza, etxearen erabilera eta umeengatiko elikagaien pentsioa nagusiki). Horrek, biktima batentzat argi izpi bat den babes neurri sorta horrek, emakume batzuek era honetako salaketak jartzea errazten du, bestela denbora askora lortuko ziren gauzak era azkar batean lortzeko itxaropenarekin.
Epaitegietan lanean dihardugunok ikusten ari garen fenomeno horrek ez die ezertan laguntzen feministok gai honekin ditugun aldarrikapenei. Dena ez da emakumeon aurkako indarkeria edo gutxienez emakumeon aurkako indarkeriatzat kontsidera daitekeen guztia ez da zigor prozeduratik bideratu behar kasu larriagoekiko ekiparazioa emanez. Ez da berdin «atzo puta asquerosa deitu zidan» esanez salaketa jartzea edota biolentzia psikiko edo fisiko iraunkor baten aurrean aurkitzea, baina protokolo eta prozedura zurrunek bientzako bide bera aurreikusten dute. Eta okerrena dena: emakumeari botere guztia kentzen zaio arazoari aurre nola egin nahi dion erabakitzeko.
Emakumeak beste behin izaki pasibo bilakatzen baitira, zer nahi duten erabakitzeko inteligentzia falta zaielakoan edo, eta paternalismo kutsua duen poliziak erabakiko du zer den komeni zaiona: salaketa jarri eta prozesu penala martxan jartzea. Maiz arriskuak neurtu gabe.
Izan ere, zenbat dira salaketa baten ostean hil diren emakumeak, zenbat euren bikoteak kartzelatik atera baino lehen desagertu behar izan direnak inork babesten ez dituelako, ez direlako bitartekoak bideratzen erasotzaileak kontrolatzera? Zer gertatzen da erasotzaile batek, prozesu judizial bat martxan jarri eta urruntze neurririk ez bazaio jartzen, eta gainera, eguneroko tabernan zerbeza edateko arazorik ez badauka? Lanean normal jarraitzen badu? Jendeak normal agurtzen badu? Bere haurrak normaltasunez ikustea ahalbideratzen bazaio eta maiz emakumeak joan behar badu umeak eramatera? Nork babesten du emakumea orduan?
Lege honek zulo handiak ditu eta zigor kodean aldaketak eginda, prozesu penal zurrunak jarriz, emakumeari protagonismo guztia kenduz eta bere babesa bermatu gabe, legearen eraginkortasuna oso zalantzakorra da.
Emakumeon aurkako indarkeria salatzeko egunean hiru ondorio bota nahi ditut: bata, emakumeok indarkeria honen aurrean gure burua defendatzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi nuke, inork ez dezan zer komeni zaigun eta gure egoeraren arriskugarritasuna gugatik erabaki; bigarrena, jendarteak zigortu behar du erasotzailea, zigor prozesuak martxan egon edo ez, gizarte bazterkeriak zigor penalek baino min gehiago eta hausnarketa gehiago eginarazten baitu; eta azkena, indarrak prebentzioan, hezkuntzan eta hedabideetan jarri behar dira, zigor kodeak hauek huts egiten dutenerako eta egoera batzuetarako baino ez baitira egokiak.