Analisia
Errealitateak istorioa zapuzten dueneko
Deigarria da azkenaldian bi Koreen artean ugaritzen ari diren tentsioaldien benetako suspertzailea den Lee Myung-ba Hego Koreako lehendakariaren jite eta jokaerari eskaintzen zaion arreta eskasa.
Mikel ARAMENDI Kazetaria
«Ez diezazula egiak istorio on bat zapuztu». Ez dakit istorio ontzat har ote daitekeen egungo Ipar Korea kudeatzen duen Kim dinastia ez hain bereziari buruz gure ingurumarian kontatzen den beldurrezko ipuintxoa, baina herenegun Yeonpyeong irlan gertatu zenaz argitaratzen ari dena ikusita, ia ezinbestekoa da esaera famatu hori gogora ekartzea.
Gerragintzaren eta informazioaren arteko korapilo askagaitzez ia inork baino gehiago zekien (edo, behintzat, lotura horri beste inork baino etekin gehiago atera zion) William Randolph Hearst, Citizen Kane gogoangarriaren ahotan ipini ohi da gero milioika aldiz erabili dugun esaera: «Ez diezazula egiak istorio on bat zapuztu». Ez dakit istorio ontzat har ote daitekeen Ipar Korea kudeatzen duen Kim dinastia ez hain bereziari buruz gure ingurumarian kontatzen den beldurrezko ipuintxoa, baina herenegun Yeonpyeong irlan gertatu zenaz argitaratzen ari dena ikusita, ia ezinbestekoa da Hearstena gogoratzea. Gertaera, eta hartaz aditzera eman dena edota, areago, hartatik eratorri nahi izan denaren artean logikaren haria aurkitzea zaila egiten baita benetan.
Bere ezohikotasunean, nahiko gardena da gertaera. Bezperan bezala, herenegun Hego Koreako armadak artilleria ariketa bati ekin zion aipatu irlan duten basetik, bi ordu lehenago iparkorearrengandik jaso bide zuten gaztigua, praktikak eten zitzaten, aintzakotzat hartu gabe. Gerora, iparkorearrek esan zutenez, haien lurralderantz ari ziren tiraka; hegokorearrek ukatu egin dute hori.
Bi aldeek onartutako banalerro argirik ez duten uretan horrelako ariketetan aritzeak zer adierazten duen ulertzeko gauza garela uste dut. Lau ordu pasa zeramatzatenean hegotarrek beren ariketarekin, iparkorearren artilleriak, hamabost kilometro baino gutxiagora kontinentean dituen kokalekuetatik, eraso egin zienean irlari, 150 kanoi obus jaurtikiz (60 erori ziren irlan; gainerakoak itsasoan) lehen saio batean. Hegokorearrek Iparreko lurraldera beste 50 obus jaurtikiz erantzun zuten, eta haiek, bigarren saioan, 20 kanoikada tira zituzten (irlari bete-betean emanez). Ordubete iraun bide zuen tiroketak eta bestelako esku-hartzerik gabe amaitu zen. Emaitza, Yeonpyeong irlari dagokionean, bi marine eta bi langile hilda, eta 16 soldadu zauritu. Populazio zibilak gordelekuetan babestu behar izan zuen eta kontinentera ebakuatu zituzten beste batzuk.
Berez, Ipar eta Hego Korearen arteko tirabiren historia luzean aparteko lehentasunik eduki behar ez lukeen gertakari honek («Cheonan» hondoratzean 46 soldadu hil ziren; eta Daecheong irlaren inguruko gatazkan duela urtebete hamar bat iparkorear hil zirela uste da, urrutirago joan gabe), hala ere, ikusgarrizko oihartzuna bereganatu du, ia zuzenean telebistaz emana izan delako, besteak beste. Wona eta yena beheraka hasi ziren segituan munduko merkatu guztietan, Hego Koreako defentsa sistema alerta gorenean ipini zen, Lee Myung-bak lehendakaria aginte militar gorenarekin bildu zen, filmetako figurantea bailitzan jantzita... Era batera edo bestera arma nuklearrak dituzten bi aurkarien arteko gerra sutzeko hutsa falta zela aditzera eman zitzaion munduari. Jarraian, noski, erreakzio ilara etorri da, eta analisiz mozorrotutako propaganda-errepikapen zaparrada ikusgarria.
Gaiztakeria, «beti bezala», iparkorearrena izan behar duela kasu honetan ere ezinbesteko abiapuntutzat duten analisi horien guztien ardatz nagusia da Kim familiaren baitan ematen ari den ordezkapen abagunea, eta Ipar Korearen programa nuklearrari buruz jakin berri direnak lirateke horri erantsitako adabaki osagarria. Inork ez du esplikatzen -zertarako?- nola uztartzen diren egitate horiek aldi berean liskar merkeak probokatzen aritzearekin, eta are gutxiago zergatik ez zuten aprobetxatu hain probokatzaile ankerrek duela hamabost egun G20koek Seulen egin zuten bilkura gorenak eskaintzen zien erakusleiho ikusgarria.
Deigarria da, aldiz, analisi horietan guztietan azkenaldian bi Koreen artean ugaritzen ari diren tentsioaldien benetako suspertzailea den Lee Myung-bak lehendakariaren jite eta jokaerari eskaintzen zaion arreta eskasa. Duela hiru urteko hauteskundeak irabazi zituenetik espero zen Hyundaiko exekutibo eta Seulgo alkate ohiaren agintaldiak bi herrialdeen harremanen okertzea ekarriko zuela, bere aurreko lehendakariek garatutako «Eguzki Epeltasunaren» politikaren etsai ezaguna zelako. Esan eta izan. Batez ere Obama Etxe Zurira iritsi zenez geroztik, ematen du Leeren lehentasunetakoa dela -bere inguruan etengabeak diren diru ustelkeria kontuak isilpean jartzearekin batera- Ameriketako Estatu Batuei eragozpenak ipintzea Korear Penintsulan nolabaiteko distentsioa (bakea eta, zer esanik ez, berbateratzea ametsak diruditen heinean) lortzeko ahaleginetan.
Tentsioaren aldeko hautu horrek Hego Koreako barne politikan duen eraginaz gaindi, harrera guztiz kontrajarria aurkitzen du eskualdeko bi potentzia nagusiengan: guztiz baikorra Japoniaren aldetik (eta badu horretan zerikusirik Lee Japonian jaioa izateak, eta Korean hain sakona den etsaigotik oso aldendua), eta oso ezkorra Txinaren aldetik. Balizko distentsioak nori egingo liokeen kalte eta nori mesede nabarmentzen da hor, jakina.
Baina benetako jazargo potolo horiek gutxi axola diete istoriozaleei.