GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Legalki zelan lapurtu (II)

Argi dago neurriak hartu behar direla, erreformak gauzatu behar direla, pentsio sistema publikoetan aldaketak egin behar direla... baina kontrako norabidean

Iragan astean komentatu genuen pentsioen arriskuaz ohartarazten diguten txosten guztien atzean nor dagoen, proposatzen dituzten «konponbideen» atzean zein asmo ezkutatzen den benetan, pentsio publikoen pribatizazioak zelako negozioa ekarriko liekeen bankuei eta, hortaz, zelan lagunduko lukeen beren «krisiaren erreskatean» berriro ere eta beren ekonomiaren susperraldian.

Pentsio publikoak bideragarriak ez direla sinetsarazteko, Europa osoan zehar gezur berberak erabiltzen ari dira. Horietako lehenengoa hau da: «Gero eta urte gehiagoz bizi garela». Egia da bizi itxaropena luzatu dela, baina horrek ez du esan nahi denok luzaroago bizi garenik. Viçent Navarrok azaltzen duenez, ez da kontuan hartzen gero eta ume gutxiago hiltzen direla eta horixe da, hain zuzen ere, batez bestekoa igotzen duena. Beste alde batetik, batez besteko horretan ez dira klase sozialen arteko ezberdintasunak kontuan hartzen. Horrela, kualifikaziorik gabeko 60 urteko langile baten osasun egoera eta 70 urteko bankari batena oso antzekoak izan ahal dira. Hala ere, lehenbizikoari urte gehiagoz lan egiteko eskatzen zaio bigarrenaren poltsikoak are gehiago betetzeko.

Bigarren arrazoia lehenbizikoarekin loturik dago: «Gero eta pertsona nagusi gehiago eta gero eta gazte gutxiago daude»; hortaz, ez ei dago modurik lan egiten dutenek erretiratuak mantentzeko. Atal honetan, hala ere, enplegu politika eraginkorrik barik ganorazko kotizaziorik izatea ezinezkoa dela aipatzea ahazten zaie. Hau da, arazoa ez da zenbat gazte eta zenbat zahar dauden, baizik eta zenbat jendek kotizatzen duen Gizarte Segurantzan eta zenbat kotizatzen duten. Langabezia tasa itzelekin (batez ere gazteen eta emakumeen artean), eta gero eta soldata miserableagoekin, ezinezkoa da Gizarte Segurantzan ekarpen handirik egitea.

Argi dago neurriak hartu behar direla, erreformak gauzatu behar direla, pentsio sistema publikoetan aldaketak egin behar direla... baina kontrako norabidean.

Aipatu legez, benetan enplegua sortzen duten politika eragingarriak bultzatu behar dira, baina kalitateko enplegua sortzeko. Ikusten dugunez, aspalditik hartzen diren neurriak ez daude horretara bideratuta, azken lan erreforma barne. Emakumeok lan munduan sartzeko politikak ezarri behar dira, eta kasu honetan ere kalitateko enpleguekin eta ez modu subsidiario batean. Gazteek ere aukera izan behar dute lan egiteko, baina argi baino argiago dago lan-bizitza zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta aukera gutxiago geratzen dela horretarako. Sistema progresiboa izan behar da; hau da, kotizazioak soldataren araberakoak (momentu honetan, soldatarik handienak salbuetsita daude; horrexegatik, Botin jaunak, esaterako, bere bankuko langile batek beste kotizatzen du Gizarte Segurantzan). Pentsio sistema erabakitzeko eskubidea izan behar dugu langileok: zelan nahi dugun kudeatu eta zelako tresnaren bitartez, eta geure pentsio sistema berton erabakitzeko eskubidea ere izan behar dugu.

Jakina, horretarako guztirako -eta bertotik horren alde benetan borrokatzeko- herritarren mesedetan jokatzeko erabaki politikoa hartu behar da eta ez, momentuko instituzioek egiten duten legez, kapitalaren morroi jokatzeko erabakia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo