GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pirinio Atlantikoek eta Gipuzkoak mugaz gaindiko hitzarmena berritu dute

Duela bost urte sinatu zuten mugaz gaindiko akordioa berretsi zuten atzo Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko lehendakariordeak. Lehenengo ituna emankorra izan zenez, berriro onartzea erabaki dute, eta oraingo honetan lehendik martxan jarritako proiektuez gain, gizarte politika, ingurumen, hezkuntza, lurralde garapen, kirol, kultura, ondare eta hizkuntza arloei ere ekingo diete berriro.

p019_f01_149x097.jpg

Nagore BELASTEGI |

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko lehendakariordeak, Jean-Jacques Lasserrek, bi lurraldeen arteko lankidetza hitzarmena berritu zuten atzo Donostiako Miramar jauregian.

Lehenengo mugaz gaindiko akordioa 2005ean sinatu zuten, herrialde mugakideen harremanak hobetzeko asmoz. Bigarren hitzarmen honekin aurretik martxan jarritako proiektuekin aurrera jarraitzea dute helburu, baita atal berriak lantzea ere.

2015eko abenduaren 31ra arte indarrean izango den ituna sinatu baino lehen, Olanok eta Lassarrek testuaren nondik norakoak azaldu zituzten, helburuak zeintzuk diren argituz.

Hasteko, Olanok azaldu zuen aspaldi Europan desagertu ziren mugetan oraindik muga kultural, administratibo eta bestelakoak daudela, eta horregatik dela hain garrantzitsua azken bost urte hauetan emankorra izan den hitzarmenari jarraipena ematea. Haren esanetan, mugaz gaindiko elkarlanak balio politikoa, instituzionala, sozioekonomikoa eta soziokulturala dauka.

Lasserrek, berriz, Pirinio Atlantikoetako lurralderako hitzarmena oso garrantzitsua dela adierazi zuen, eta nabarmendu zuenez, mugaz gaindiko eraikuntza lana gogorra eta luzea izan, Donostian prestutasuna ikusten du aurrera jarraitzeko. Lehendakariordeak duela bost urteko ituna sinatu zuen, eta atzo ikusi zuen une horretan zehaztu ziren konpromisoak indarrean daudela oraindik.

Mugaren beste aldean

Hitzarmenak barne hartzen ditu mugaz gaindiko harremanari dagozkion atal guztiak. Gizarte politika lehentasunezko gaia izango da testu berrian, eta ildo horretatik, gizarteratzea, ezgaitasunak, adinekoek jasotzen duten arreta eta Alzheimerraren tratamendua bereziki garrantzitsuak dira.

Garapen iraunkorra da beste atal aipagarri bat, ingurumenak jasaten dituen arriskuez eta klima aldaketaz jabetu baitira. Arlo horretan, jada martxan dauden ekintzekin jarraituko dute, LOREA proiektua, adibidez, eta beste egitasmo berri batzuk garatuko dituzte. Alegia, hondartzetako bainatzeko uraren kalitatea hobetzeko ikerketa dago abian, eta burutu ondoren, behar diren tresnak erabiltzen hasiko dira kostaldearen itxura hobetzeko helburuarekin.

Mugaz gaindiko udalekuak duela hiru urte hasi ziren egiten, eta arrakasta handia izan dutenez, hezkuntza-pedagogiko proiektu honi indarra ematea erabaki dute. Bestalde, mugaren beste aldera ikastera joaten diren haurrek hizkuntza arazorik ez izateko hobekuntzak egingo dituzte.

Bestalde, kirolari, lurralde garapenari, kulturari, ondareari eta hizkuntzari buruz hitzarmenak dio 2005tik aurrera gauzatuz joan diren proiektuek aurrera jarraituko dutela, eta guz- tientzat eskuragarriak izango direla. Gainera, bizitza kulturala garatzeko berrikuntza, sorkuntza eta zabalkunde artistikoa bultzatuko dituzte.

Larrialdien eta administrazioaren zerbitzua hobetzeko ere lankidetza beharrezkoa dela uste dute sinatzaileek. Horregatik, bi lurraldeen artean trukeak egitea proposatzen dute, elkarlana indartu ahal izateko eta ezagupenak partekatzeko.

Hitzarmena sinatu ondoren, Sevillako Unibertsitateko Jean-Baptiste Harguindeguy eta Euskal Herriko Unibertsitateko Joxerramon Bengoetxea irakas- leek, hurrenez hurren, Pirinio Atlantikoak eskualdeko eta Gipuzkoako lurralde eta politika egiturak azaldu zituzten.

Europara begira

Hitzarmenarekin Europako erakundeetan herritarren partaidetza sustatzea dute helburu, Gipuzkoako 700.000 eta Pirinio Atlantikoetako 650.000 biztanleak kontuan hartu beharrekoak direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo