GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Supermanen kryptonita ote?

Gonzalezek Irujoren aurka jokatutako bi partidak irabazi zituen iazko txapelketan. Igandean ikusiko da Iberokoari neurria erabat hartua ote dion.

p046_f01_777x777.jpg

Asier AIESTARAN

Juan Martinez de Irujok eta Sebastien Gonzalezek igandean Eibarren jokatuko duten partidak itxiko du aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietako ligaxka. Ez da harritzekoa, beraz, neurketak ikusmina sortzea, are gehiago iazko bi finalistak direla kontuan izanda. Baina badira bi faktore, batez ere, norgehiagokaren atarikoa baldintzatzen dutenak.

Batetik, ezin da ahaztu Sebas Gonzalezek iaz kaiola barruan jokatutako bi partidak irabazi zizkiola Irujori, bietan dirua nabarmen Iberokoaren alde atera zen arren. Azkaindarra 22-19 nagusitu zen finalerdietako ligaxkan, Zarautzen jokatu zen neurketan, eta 22-18 irabazi zuen bere lehen txapela eman zion finalean, Donostian.

Horregatik, eta zaleen artean Gonzalez Irujorentzat aurkari bereziki deserosoa delako ustea oso zabalduta dagoenez, zaleen artean bada ikusminik iazko joera horrek aurten segidarik ba ote duen jakiteko. Gonzalez Irujo «Superman»-en kryptonita ote den jakiteko, alegia.

Larunbatekoaren menpe

Bestetik, eta pilota enpresek bi partidak batera jokatzea ezinezkotzat jotzen dutenez, kontuan izan behar da igandeko norgehiagoka erabat baldintzatuta gera daitekeela, larunbatean Titinek eta Barriolak Iruñean egiten dutenaren arabera. Adibide bat jartze aldera, Labriten Titinek irabazten baldin badu, Irujo finalerako matematikoki sailkatuta egongo da eta Gonzalezen aurkako neurketak ez luke inolako ondoriorik izango beretzat.

Hain urrun joan gabe ere, eta larunbatean gertatzen dena gertatzen dela ere, 16 tanto egitea nahikoa du Irujok finalera sailkatzeko. Gai horixe izan zuten hizketagai nagusi atzo Eibarren egindako material aukeraketan. «Frontoira 16 tanto egitera irteten bazara, partida oso luzea gerta daiteke. Nik ez dut horretan pentsatuko eta irabaztera, 22 egitera, irtengo naiz, beti bezala», adierazi zuen 2006ko txapeldunak. Gonzalezek, aldiz, finalean sartzeko «aukera ia bakarra Irujori irabaztea» duela aitortu zuen, eta ez duela espero erraztasunik Irujoren partetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo