GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoako Aldundia eta patronala «aliatuta» daudela salatu dute ELAk eta LABek

Gipuzkoako hirugarren adinekoen egoitzetako patronalak eta CCOOk eta UGTk, langileen ordezkaritzaren %20 ere ez duten sindikatuek, sinaturiko hitzarmena Aldundiak diseinaturikoa dela kritikatu dute.

Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA

ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek hurrenez hurren, gogor salatu zuten atzo joan den azaroaren 4an CCOO eta UGT sindikatuek, Gipuzkoako hirugarren adineko egoitzetako langileen ordezkaritzaren %20 ere ez dutenek, patronalarekin sinatu zuten hitzarmena. Akordio txarra izateaz gain, ez dela demokratikoa nabarmendu zuen Etxaidek. Muñozek, berriz, «enkarguz» egindakoa dela esan zuen.

Izan ere, egoitzetako langileak azken bi urtetan borrokan aritu dira beren lan baldintzak hobetzeko, baita, modu horretan, egoitzetan eskaintzen den zerbitzua hobetzeko ere. Borroka luze horren ostean, ordea, CCOOk eta UGTk patronalarekin hitzarmena sinatu zuten. ELAk eta LABek adierazi zutenez, akordioak soldatak murriztu eta kaleratzeak errazten ditu, eta ez du bermatzen, egoitzaren kudeaketaz arduratzen den enpresa aldatuz gero, langileek lanpostuari eutsiko diotenik, subrogazioa alegia. Esaldi bakarrean laburbildu zuen Muñozek akordioaren funtsa: «Lan baldintza duinak enbarazua dira».

Mezu nagusiak, ordea, Gipuzkoako Aldundiari igorri zizkioten. Aldundia baita, euren ustez, egoera honen erantzule nagusia. Etxaidek salatu zuenez, CCOOk eta UGTk sinatu duten akordioa «Aldundiko Maite Etxaniz Gizarte Ekintzako arduradunaren bulegoan» diseinatu zuten. Era berean, akordioaren atzean «3.500 emakumez osaturiko kolektiboaren mobilizazioa eta borroka zigortzeko eta indargabetzeko estrategia» dagoela gaitzetsi zuen.

Gehiengo sindikalak, enbarazu

Ildo beretik, langileen ordezkarien gehiengoak sinatu ez duen hitzarmenaren erantzuleak «Aldundia, Markel Olano, EAJ eta Hamaikabat» direla salatu zuen Muñozek. Hala, Aldundian gehiengoa duten bi alderdi horiei Gipuzkoako gehiengo sindikalak enbarazu egiten diela baieztatu zuen. Etxaideren hitzetan, «Gipuzkoan ezinezkoa da Aldundia non amaitzen den eta patronala non hasten den jakitea». Funtsean, Aldundiak bultzaturiko hitzarmen honek «esklusiboki» enpresen negozioei mesede egiten diela esan zuen.

Hitzarmen berria sinatu ostean, ELAk eta LABek bilera eskaera egin zieten Aldundiko arduradunei. Egoitzetako langileen ordezkariek, batetik, eta bi sindikatuetako zuzendaritza-batzordeek, bestetik. Aldundiak, baina, ez dituela aintzat hartu eta ez dela eurekin bildu salatu zuten.

Zentzu horretan, Aldundia, «diru publikoa xahutzen», «kultura politiko parte hartzailea» delakoaren alde kanpaina egiten dabilela gogorarazi zuen Muñozek. Alde horretatik, jendarteari parte hartzearen balioez mintzatzen zaion bitartean, Gipuzkoan langileen ordezkaritzaren %75 duten ELArekin eta LABekin biltzeko gai ez dela izan gogor kritikatu zuen. Jarrera horiekin Aldundiko ordezkariek «politika iraintzen» dutela baieztatu zuen.

Azkenik, egoitzetako langileek borrokan jarraituko dutela berretsi zuten. Era berean, gehiengo sindikalarekin negoziatzen has dadin exijitu zioten Aldundiari.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo