Gipuzkoan gauzatu da «Lortu arte», euskal Estatua helburu duen akordioa
«Independentzia erreferente hartuta», aldaketa politiko eta soziala bultzatzeko eskaintza egin zuten atzo ezker abertzaleak eta EAk Donostian. Ekainean Euskaldunan sinatutako «Lortu arte» akordio estrategikoa aurkeztu zuten Gipuzkoan alderdiotako ordezkariek.
Janire ARRONDO |
Ekainean Bilboko Euskalduna Jauregian ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak sinatutako akordioa, «Lortu arte», Gipuzkoara egokitu zen atzo. Euskal Herriak bizi duen egoera politikoan «indar metaketa» beharrezko dela ulertuta eta «ezberdintasunen gainetik biltzen gaituenari helduz», independentziaren bidean euskal Estatua lortzeko elkarlanari ekiteko apustua berretsi zuten.
Lehenago Altsasun egin bezala, atzo Donostian aurkeztu zuten «Gipuzkoan lortu arte» izendatu duten dekalogoa. Idoia Aiastui, ezker abertzalearen izenean, eta Iñaki Agirrezabala, EAren izenean, aritu ziren bozeramaile lanetan, eta datorren asteetan herrialde honetako eragile politiko, sozial eta sindikalekin zein herritarrekin «elkarrizketa dinamika» martxan jartzeko asmoa dutela agertu zuten. Gauzak horrela, proiektua bestelako alderdi, sindikatu edo eragile sozialek egin ditzaketen ekarpenei «irekia» dagoela azaldu zuten.
«Gipuzkoak aldaketa politikoa eta soziala behar du, proiektu independentista eta aurrerakoia erreferentzia duen aldaketa», azaldu zuen Aiastuik. Hala, Estatu espainolaren egitura juridiko-politikoan «bahiturik» gipuzkoarron amets eta egitasmoak «ito» egin direla esan zuen. Alabaina, «bakea lortzeko ahaleginean», datozen hilabete eta urteetan «gehiengo independentista eta aurrerakoia indarrez» agertuko dela ziurtatu zuten. Aiastuiren hitzetan, «proiektu independentista eta aurrerakoia sakontzeko garaia iritsi da Gipuzkoara ere».
Horrela, «Gipuzkoan lortu arte» agiria «abiapuntua» dela aldarrikatu zuten. Ezker abertzaleak eta EAk adierazitakoaren arabera, ikuspegi «estrategikoa» duen hitzarmena da, «luzera begirakoa». Honakoa, Euskal Herriaren independentziaren eta eredu sozial eta ekonomiko aurrerakoi baten aldeko proiektua dela azaldu zuten, eta bozeramaileek gaztaka konpontzearen «beharraz» ere hitz egin zuten. Euskal Herriko gainerako herrialdeek bezala, Gipuzkoak ere «nazio ikuspegia» erreferente hartuta aritu behar duela defendatu zuen.
Agerraldian bildutako kazetariei erantzunez, Aiastuik eta Agirrezabalak argi utzi nahi izan zuten «Lortu arte» akordioa ez dela hauteskundeei begira sortua. Era berean, akordioaren garapena herrialde guztietan egingo dela ere iragarri zuten bozeramaileek.
Gipuzkoako ezker abertzaleak eta EAk datozen asteetan euren proiektua eragile politiko, sozial eta sindikalei zein herritarrei aurkezteko asmoa dutela agertu zuten.