Osakidetza osasun publikoa erasotzen ari dela salatu dute
GARA | BILBO
ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzeak egin zituzten atzo Gorlizko, Donostiako eta Arabako Las Nieves ospitaleetan Osakidetzak mahai sektoriala deituta zuela aprobetxatuz. Osakidetzaren «jarrera baztertzailea» salatu zuten bi sindikatuek. Izan ere, adierazi zutenez, ez dituzte osasun publikoan ezartzen ari diren neurrien inguruan eztabaidatzera deitu; are gehiago, neurrien berri ere ez dietela ematen salatu zuten eta filtrazioen nahiz komunikabideen bidez izaten dutela horien berri.
Era berean, Osakidetzan azken hilabeteotan hartu dituzten erabaki guztiak «osasun publikoaren kontrako eraso zuzena» direla baieztatu zuten, «kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren giza-baliabideak zein baliabide materialak murrizten ari baitira».