Gazteek bizitzari nola aurre egiten dioten azaltzen dute Ereinen azken lau argitalpenek
Haurrek arazoei aurre egiteko duten jarreraz, ama-alaba batzuen arteko harreman zailaz, hamasei urte inguruko gaztetxoen zalantzez eta mitoez eta historiaz dihardute Ereinen azken argitalpenek.
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Erein argitaletxeak gazte literatura saileko lau eleberri argitaratu ditu: «Hi haiz hi, pirata!», «Errepidea», «Azeri noblea» eta «Eneko Padurakoa». Desberdinak dira guztiak, gai anitzekoak, baina guztiek ere egungo gazteek mundua nola ikusten duten azaltzen dute.
Alde batetik, Jose Angel Lopetegik, marrazkigintza munduan eskarmentu handia duenak, «Hi haiz hi, pirata!» argitaratu du. Bertan, Guillermo Bandera Beltz «Pirata»k eta bere lagunek eguneroko ezbeharrei jarrera baikorrez aurre egingo diete. Hala, etxean, ikastetxean eta auzoko bizipenak kontatzen ditu. Asmo pedagogikoz egina dago nobelatxoa, baina batez ere, umore dosi handiarekin.
Bestetik, Jose Luis Urrutiak lan bakarra egin arren, bi argitalpen ditu. Izan ere, «Eneko Padurakoa» gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu du Ereinek. Bertan, Padurako borrokaren inguruan sortutako kondaira eta benetako historia uztartu ditu egileak, Eneko gaztea kontakizunaren gidari jarrita. Gertatukoaren ikusle eta protagonista da aldi berean. Liburu honen xedea ez da historia irakaspena ematea, ordea, gure iraganaren zatitxo txiki bat erakustea baizik.
Fernando Morillok, bestalde, «Azeri noblea» eleberria aurkeztu zuen atzo. Honakoak hamasei urteko Onintzaren gorabeherak ditu ardatz. Onintzak bizitzan bere txoko txikia izan arren, aldaketa bat nahi duela konturatuko da eta hor izango ditu komeriak, artzain ero batengana egindako bisita dela eta. Gainera, Agustin eta Iker mutil gazteak agertuko zaizkio. Bata, «indartsua eta nahasgarria», eta bestea, «xelebrea eta txikitako amodio galdua». Onintzari ordura arte zituen zalantzak areagotuko zaizkio orduan. Elkarrizketaz jositako lan honek, gizakiek elkarren artean komunikatzeko dituzten zailtasunak jorratzen ditu, izan ere, egilearen esanetan, «inoiz baino komunikatuago gaude gaur egun, baina inoiz baino bakartiago bihurtzen ari gara». Hala ere, umorea «barra-barra» erabili du lan honetan idazleak.
Azkenik, Miren Agur Meabek ez dakarkigu istorio gozorik oraingoan. Ama-alaben arteko erlazio zailari buruz hitz egiten du «Errepidea»n. Sinbolismoz eta ezkutuko traumez betea, etorkinak diren eta diru-zailtasunak dituzten ama-alaba batzuen arteko harremana da kontakizunaren muina. Hamabi ataletan banatu du Meabek kontakizuna eta, orokorrean, narratzailea alaba den arren, istorioko bost txoriek ere lan horretan lagunduko diote; nobelako elementu guztiek dute ezkutuko esanahia eta.
Miren Agur Meabek poesia munduan duen eskarmentua kontuan hartuta, ez da harritzekoa gazteentzako eleberri honetan errima erabili izana. Horrez gain, beste bi nobedade ere aurkeztu ditu Meabek.