Laminak, Tartalo eta Basajaun haurrengana hurbildu ditu «Txiliku»-k
GARA | DONOSTIA
Txilikuren hitzetan, «mitologiak eta kulturak lotura zuzena dute eta herri baten nortasuna azal dezake». Hori dela eta, euskal mitologia haurrengana hurbildu nahi izan du argitaratu duen azken lan honetan: «Euskal mitologiako kondairak haurrentzat». Elkarrek argitaratuta, liburu bakarrean edota aleka erosteko aukera dago: «Arratsalde bat Marirekin», «Kontuz gizakiekin» eta «Arraioak».
Titulu bakoitzaren hasieran kondaira horietan parte hartzen duten pertsonaia mitologiko bakoitzari buruzko azalpen txiki bat egin du egileak; hala nola, Mari, Sugar, Laminak, Basajaun, Iratxo eta galtxagorrien ingurukoak.
Txilikuk azaldu zuenez, lehen mitoak jendeak sinesten zituen ipuinak ziren, egun, ordea, ez da hala gertatzen. Halere, «Txiliku»ren ustez, «jendeak sinesten ez dituen arren, interesgarria da horien berri izatea, egungo haurrek euskal mitologiari buruzko jakintza txikia eta oso orokorra baitaukate».
Haurrentzako egindako proiektua denez, marrazkiek pisu handia dute bilduma honetan eta horien erantzule Jose Angel Lopetegi da.
Hala, egungo haurrek garai bateko mitologia ezagut dezaten egin du bilduma hau. Bertan, adibidez, bera haurra zenean amonari entzundako Tartaloren kondairan ez du inongo aldaketarik egin garai hartako bertsioa errespetatu nahian.
Guztira hamasei pertsonaia agertzen dira eta istorioan barrena Nerea eta Julen neba-arrebek gidatuko dute irakurlea pertsonaia mitologikoekin batera.