GARA > Idatzia > Kultura

Shakira kolonbiarra gurean, «dabilen gerriari goroldiorik ez»

«Sale el sol» birak Euskal Herria argitu zuen herenegun, eta Shakira Barakaldora hurbildu. Kolonbiar neskato pinpirina erregina handia da doinu latinoen maitaleentzako, gerri dantza eta astinduekin argi utzi zuen bezala. Soinu kaskar samarrarekin, bi ordu iraun zuen zuzenekoa rock doinuz hasi zuen, eta «Waka Waka» ezagunarekin bukatu. Tartean, eta beti irribarretsu, bere distira agertu eta jaun eta jabe izan genuen oholtza gainean, dantza eta dantza, nekaezin.

p047_f01_097x224.jpg

Anartz BILBAO | BARAKALDO

Eguzkiaren kalipu guztia bere zilborrean gordeta balu bezala agertu zitzaigun herenegun gauean Shakira kolonbiarra Barakaldora, milaka zaleren aztoramenerako.

Aretotzarra da BEC erakustazokako Bizkaia Arena, eta txiki utzi zuen Shakirak. Ikus-entzuleak emakumezkoak ziren batik bat, batzuk koadrilan eta besteak bikotean, gazteak asko eta ama-alabak batzuk. 21.30ean hastekoa zen festa, eta ordurako artega zen aretoan zen publikoa. Eta are larriago, kanpoan zirenak, sarrerek, onilak balira bezala, errenkadak luzatzen zituzten eta.

Shakira hamarrak jota zirela hasi zen kantuan jendartean, astiro-astiro oholtzaran hurbiltzen zela, mezatan balego bezala, ahots grabez eta goitik behera estaltzen zuen jantzi larrosa larri batean bilduta. Laster galdu zuen soineko fuksia baina, eta ohikoak dituen top urreztatu eta praka estuz, gaua lehertu zuen neskatila pinpirinak, «gaur ondo pasa dezazuen nahiko nuke. Zuoi gustua emateko nago hemen. Gaur gauean zuona naiz», esan ostean.

«Pienso en ti» lasaiarekin abiatu zen festak abiadura hartu zuen «Te dejo Madrid» eta «Whenever, wherever» kantu zaharrekin, zale guztiak saltoka zirela ordurako. Soinua -gu geunden tokian-, kaskar samarra, eta oholtza gainean, hiru pantaila baino ez izar ilehoria laguntzeko. Atzean, talde sendoa, kontzertuaren aurreneko zatian kantuak rock indartsura makurtu zituena, tartean hiru gitarra jotzailez.

Lehen gerri astinduen ostean, oholtza nagusitik areto erdian paratu zuten biribilera jo, eta, akustikoan, Metallica taldearen «Notthing else matters» eman zuten flamenko erara. Zer dela-eta ulertu ez genuen ikuskizunaren atal bat izan zen, gustu kontua. Bukaera aldera, sabel dantzari eman zion Shakirak, eta horrek bai, jaso zuen gure oniritzia.

Zortzi musikariko taldea osatu du Shakirak, tartean irlandar arrabitaria, brasildar gitarra eta hegoafrikar perkusio jotzailea. Mestizajea osatzeko, lau neska dantzara gonbidatu eta gerriari eragiten irakatsi ostean, «oso ondo» eman zien epaia, euskaraz, Shakirak.

Jantziak etengabe aldatu eta tarteka oinutsik -gerria beti bistan baina-, nekaezin agertu zen kantaria, entzuleak asetzeko gogoz. Horretarako, bere kantu sonatuak eman zizkigun errenkadan zuzenekoaren bigarren zatian, «Ciega sordomuda» eta «Loba» kantuekin hasi eta «Hips don´t lie» hit itsaskorrarekin bukatu, txinpartak sugar bihurtuz; eta azken oparitzat, «Waka waka», dantzari laguntzaile andanarekin.

Shakira sugandilak eguzkia argitu eta horman gora egin eta gero agurtu gintuen, eta guk Olentzerori hula hop-a eskatzea erabakia genuen ordurako.

Txikia?

Norbaiti entzuna genion neskato txikia zela Shakira, baina guk ikaragarria ikusi dugu. Bera izan da ikuskizuna hemen, aurrean duen entzuleriaren arreta osoa bereganatu eta oholtza betetzeko gai. Ez gara edertasunaz ari, dantzarako duen gaitasun eta grina agortezinaz baino. Tarteka musu-gitarra jo zuen, baita gitarra ere kantu melodikoren batean, baina publikoa hotz utzi zuen orduan, shakirazaleek melodia baino erritmoa behar dutelako, gerria astintzeko kantu bortitzak, izan karibear moldera, izan arabiar edo ijitoen moldera emanak.

Kontzertua bukatu eta etxerako bidean, begietan gorderiko ikuskizuna lausotu eta apaldu egin zitzaigun, kolorea galdu arte. Bertan izan bitartean baina, epel-epeletan Barranquillan geundela begitandu zitzaigun eta Bilboko negua ez denez Afrikakoa, ezta Kolonbiakoa ere, ez da gutxi.

BARRANQUILLA

«Barranquillan honela dantzatzen da!» oihukatzen du hangoa den Shakirak kantu batean. Bertara joan beharko dugu oporretan, negu hotza atzean utzi eta gerriari eragiten ikasteko.

Fitxa

Tokia: Bizkaia Arena

(BEC, Barakaldo).

Data: Herenegun.

Artista: Shakira. «Sale el sol» bira.

Ordua: 21.30ean.

Sarrera: 45/60 euro bitartean.

Ikus-entzule kopurua: 15.000tik gora (aretoa betea).

Irrati-formula iragarle, lurrin eta auto saltzaile

Kontzerturako sarrera jaso -itsusia oso, argazki, irudi edo oroigarri legez gordetzeko batere baliorik gabea-, eta Shakirak honako eta halako irrati formulak entzutea gomendatzen zigula jartzen zuen bertan. Areto sarreran, zuriz jantzitako neska gazte lirain batzuk -urrezko S hizki doratuak paparrean- lurrin bafadak eskaintzen zizkieten ikus-entzule emakumezkoei. Eta behin barrura sartuta, espainiar autoak aurki genitzakeen erakusgai. Shakirak antza, ez du nahikoa 50 milioi disko saldu eta aretoak betetzearekin, poltsa berotzeko. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo