Nazioarteko eleberri salduenak, euskaraz ere irakurgai
Paul Austerren azken eleberria euskaraz irakurri nahi duenak horretarako aukera du, Alberdaniak kaleratu baitu jatorrizko lanaren izenburu berarekin, «Sunset Park». Marcel Proustek eta Donna Leonek ere euskarazkoen artean tokitxoa dute eta denak Durangoko Azokan izango dira.
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Itzulpengintzak badu erronka gogor bat, ez baita lan merkea izaten hizkuntza batetik bestera bihurtzea. Are zailagoa, salmenta erantzun onak lortzea, euskaratutako eleberriak irakurtzeko ohitura ez baitago oso zabalduta. Hori da Erein argitaletxeko editore Iñaki Aldekoak uste duena. Baina arazoa ez da itzulpengintza oro har, euskarazkoa bera baizik. «Euskal literaturarekin badago oraindik gainditu ez dugun halako inertzia bat, itzulpenekiko errezelo moduko bat. Ni gazteleraz alfabetatua izan naiz eta gero ikasi dut euskara eta nik ez dut arazorik. Baina badirudi gure garaikook zailtasunen bat dugula. Euskal munduan itzulitako liburuak ez dira naturaltasunez irakurtzen. Hori da arazoa».
Ereinek eta Alberdaniak hainbat eta hainbat itzulpen kaleratu dituzte urteotan eta, ohi den bezala, egun hauetan, Azokari begira, are gehiago. Hala, Alberdaniako editore Iñazio Mujikak azaldu zuenez, Aldekoaren ideiarekin bat dator: «Gaztelerazko nobela bat erosten duzunean ez duzu itzulpena denik esaten, nobela bat dela baizik», beraz, naturaltasun horren falta ere sumatua du. Hala ere, merkatuan bere tartetxoa egiten saiatzen da egunero argitaletxe hau, «euskaraz denetatik egotea nahi genuke. Denetatik ezin dugu dauzkagun ahalmenak dauzkagulako, baina han eta hemen merkatuan dauden gauzak eta guk eros eta eskaini ditzakegunak ateratzen saiatzen gara».
Azoka honetan mota guztietako liburuak eskaintzen dira, eta aniztasun horren guztiaren barruan gaur-gaurko eleberriak, itzulitako klasikoak eta izugarrizko arrakasta duten idazleak nahasten dira. Nobedadeen artean, Paul Austerren azken eleberria, «Sunset Park» (2010, Alberdania), edota Suzanne Collinsen «Dena Sutan» (2010, Alberdania eta Erein, Batera saila) topa daitezke. Baina hauekin batera, lehen aldiz orain urte asko kaleratu ziren hainbat klasikoen euskarazko bertsioa ere eros daiteke: Dian Fosseyren «Gorilak giltzapean» (1983, Erein), Donna Leonen «Heriotza La Fenicen» (1992, Erein), Victor Hugoren «Kondenatu baten azken eguna» (1829, Elkar) edota Marcel Prousten «Denbora galduaren bila: Swann-etik» (1913, Elkar eta Alberdania).
Zein liburu itzuli erabakitzea ez da erraza eta hautaketa hori egiten denetik kaleratze egunera arte prozesu luzea igaro behar da. «Azoketan hasten da prozesua; bertan egileen agentea bilatzen dugu. Batzuetan ez da hain erraza izaten, baina gehienetan erraz jakiten da zeintzuk diren; haiekin harremanetan jarri eta negoziazioa hasten da, `zenbatean jartzen didazu' eta halakoak. Gauza estandar bat izaten da normalean. Baina gertatu izan dira gauza bereziak. Adibidez, halakoren batek euskaraz ateratzea nahi ez izatea. Batez ere literatura unibertsaleko baten batekin gertatu zaigu», azaldu zuen Mujikak. «Zuzenean beste hizkuntza batzuetan argitaratzen direnean fitxatzea izango litzateke onena, nire ustez, baina dena ezin duzu kontrolatu. Argitaletxe handiek beraien artean harremanak dituzte eta hala egiten dituzte akordioak, batez ere Frankfurteko azokan. Autoreen fitxaketa hori ikerketa edo txibatazoa izaten da. Kontaktuak eduki behar dira», azaldu zuen Aldekoak.
Hautaketa egin eta akordioak itxitakoan itzulpena egiten da eta, gero, pausorik zailena: salmenta. Puntu honetan iritzi asko daude; batzuek salmenta onak egiten direla diote eta beste batzuek, ordea, zenbakiak ez direla hain positiboak. Argi dagoen gauza bakarra merkatuaren gehiengoa eskolei esker lortzen dela da. Izan ere, agintzen diren irakurketa zerrendei esker sortzen dira salmenta maila horiek. Baina, zer gertatzen da eskoletatik kanpoko merkatuarekin?
Egoeraren analisia egitean, bi argitaletxeek adibide berbera erabili zuten, zineman ere izugarrizko arrakasta izan zuen «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» eleberria, hain zuzen. Hala ere, ez zuten ikuspuntua bera. Jakina da asko saldu zela, baina, Ereinekoak baieztatu zuenez, eskoletako salmenta izan zen nagusiki. «Beti bereiztu behar dugu eskolako irakurketa eta kalean egiten dena. Eskola alde batera utzita, liburu horrek ze zirkuitu daukan da garrantzitsuena. `Zenbaki lehenen bakardadea' oso gutxi saldu zen euskaraz, eta gazteleraz 12. edizioan dabiltza. Ez dakigu gure irakurleriaren irakurtzeko potentzia zenbaterainokoa den. Eta hori ukatzen duena ez da egia esaten ari», onartu zuen Aldekoak.
Nolanahi ere, badirudi gaztelaniazko bertsioan denbora luzez egon arren, euskarazko bertsioa kaleratutakoan arrakasta izaten jarraitzen dutela. Alberdaniako editoreak azaldu zuenez, nahiz eta klasiko horien merkatua zailagoa izan, askotan lagungarria izaten da gaztelaniazko bertsioa izatea: «Nire esperientziaren arabera, liburu batzuk gazteleraz egonagatik ere, euskaraz plazaratzen baldin badira, hobeto saltzen dira. `Pijama marradunaz jantzitako mutikoa' gaztelerazko bertsioan lehenagotik zegoen, nahiz eta guk urte berean atera genuen, baina dagoeneko bide bat egina zuen. Bada, lagundu egin zion euskarazko bertsioari. Gaztelaniaz ez dagoen liburu bat euskaraz kaleratzen baldin baduzu, beti ez du arrakastarik izaten. Gaztelaniaz ezaguna izateak badu garrantzia. Guk `Perfumea' kaleratu genuen, adibidez. Gaztelaniaz sei eurotan eros zenezakeen sakelako bertsioa guk hogei eurotan jarri genuen, eta, hala eta guztiz ere, saldu egiten zen. Ondo mugitzen zen».
Durangoko azoka amaitzean bizitzak, kulturak bere ohiko erritmoa berreskuratuko du. «Durangokoa pasa eta gero, ez dakit bizirik aterako garen», zioen txantxetan Mujikak. Baina zentzua bazuen baieztapen horrek; izan ere, Iñaki Aldekoak esan zuenez, nahi gabe ere maiatzera iristen dira, gauza gutxi kaleratu dituztelarik. «Hartzak bezala jartzen gara hibernatzen eta maiatza egiten zaigu. Baina, otsaila amaiera edo martxoa hasieratik argitaratzen saiatuko gara». Hala, jadanik prest dituzte hainbat gauza. Alberdaniak izenburu batzuk bota zituen: «Irene Nemirovskiren liburu bat, `Gose Jokoak'-en hirugarren alea, ziurrenik Indridasoren hurrengoa... Baina beste liburu batzuen pistaren atzetik ere bagabiltza». M.L.
Michael Ende, Friedrich Engels, Victor Hugo edota H. P. Lovecraft dira euskaraz topa daitezkeen beste autore batzuk. Gainera, lehen aldiz 1829an edo 1913an kaleratu ziren klasikoek ere badute euskarazko bertsioa.
Durangoko Azoka ez da mota honetako itzulpenen bidearen amaiera. Izan ere, bai Alberdaniak, baita Ereinek ere, denboraldi berrirako hainbat itzulpen prest dituzte. Besteak beste, hasitako bildumen hurrengo aleak.